Durangoko Plateruena barriro zabalik Gabonetatik aurrera
2022-11-30 08:22 KultureaUdalak hartuko dau kudeaketearen ardurea.
Urte biko hutsunearen ostean, durangarrek eta bisitariek barriro gozau ahal izango dabe Plateruenako eskaintza kultural aberatsaz. Izan be, Udalak kudeaketearen ardurea hartu dau eta Gabon bueltan eraikina barriro zabaltzeko moduan izango da.
Plateruena barriro martxan jarteko prozesua progresiboa izango dala aurreratu dabe Udaleko ordezkariek. Gabonetan programazino apala eta herrikoia atonduko dabe, eta, ondoren, kulturgunearen izakerea eta eskaintzea ahalik eta gehien zehazten ahaleginduko dira. Hartara, Plateruenaren edegiera ofiziala martian egingo dabe, beharbada hil horren 3an.
Kultur Mahaia izeneko alkargunea be ipiniko dabe martxan, prozesuaren inguruko eretxiak batzeko.
Maider Larrañaga da Plateruenako arduraduna, eta berak emon ditu proiektu barriaren azalpenak, Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziakaz batera egindako agerraldian. Plateruenaren itxiereak hutsune handia itxi euskun euskaltzale eta kulturzaleoi, beraz, argi genduan Durangoko Udalaren erantzuna maila berean egon behar zala, adierazo dabe.
Hiru oinarriren ganean atondu dabe Plateruena barriro zabaltzeko proiektua: Euskerearen presentziari lehentasuna emotea, Durangoko alkarteen eta eragileen komunidadea indartzea eta kultureaz gozetako espazio erreferentziala izaten jarraitzea.
2021ean hasitako gogoetearen ondorioetako bat izan zan Udalak kudeaketearen ardura zuzena hartzea. Beste aukerea zan kudeaketea lehiaketa publikora ateratea. Enpresa edo alkarte pribadu baten eskuetan ixteak ez eban aurrez aitatutako hiru helburuak betetea bermatzen, azaldu dabe agerraldian.
Plateruena eta gero zer plataformeak be diagnostikoa eta proposamenak egin zituan, Udalaren prozesuaz aparte. Maider Larrañagak, Udalaren izenean, eskerrak emon deutsez ekarpenagaitik, eta plataformearen zein Udalaren ondorioak antzekoak izan dirala ganeratu dau.
Kontuak kontu, Plateruena Durangoko Udalaren kultur eskaintzearen parte izatera pasauko da, San Agustin Kulturgunearen, Arte eta Historia Museoaren eta Musika Eskolearen maila berean. Apustu handia egin dogu azken urteetan kulturearen alde, baina Plateruenak hutsunea itxi eban. Orain hutsune hori ilusinoz eta baliabide publikoz betetera goaz. 313.000 euro gorde ditue 2023ko udal aurrekontuetan.
Udalak martxan jarriko dauen Kultur Mahaia herriko eragile kulturalen alkargunea izango da, Plateruenaren ganean dagozan eretxi, proposamen eta eskariei ahalik eta modu horizontalenean erantzuteko. Plateruena moduko espazio batek erabilera asko izan leikez eta durangar guztien eretxiak ezagutu nahi doguz, dino Larrañagak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!