Bilbon kokatu dau Dolores Redondok nobela barria

Bizkaie! 2022-11-29 08:36   Kulturea

1983ko giro ilunera eroango gaitu Esperando al diluvio-k.

Iñigo Urkullu eta Dolores Redondo, erdi-erdian (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

1980ko hamarkadako Bilbo aukeratu dau Dolores Redondo idazle donostiarrak bere nobela barriaren nondik norako nagusien agertoki izateko. Egunotan heldu da liburu-dendetara Esperando el diluvio liburua eta, Redondoren aurreko lanen moduan, best-seller bihurtzeko aukera handiak ditu.

Bilbon bertan aurkeztu dau lan barria Dolores Redondok, Arriaga Antzokian hain zuzen. Ekitaldian lagun izan ditu erakundeetako ordezkari gorenak, hau da, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto. Telebistako aurkezle ezagun batek, Ramon Garciak, gidatu dau saioa.

Misterioa, hilketak, argitu bako kasuak eta halakoak kokatzeko leku bikaina begitandu jako Redondori 1983ko Bilbo iluna. Uriolen urtean, ezinegon sozialak eta industriaren gainbeherea egunerokoaren parte ziran, eta hara eroan dau idazleak bere kontakizun barria.

Arriagako aurkezpenean autortu dauenez, baina, bada beste arrazoi bat Esperando el diluvio Bilbon kokatzeko. Haren esanetan, Bilbon beti harrera beroa egin izan deutse, zale ugari ditu urian. 2013an El guardián invisible aurkeztu ebanean, beste leku batzuetan baino ezagutza eta maitasun handiagoa jaso zituala dino.

Hemen erakutsi deusten maitasuna dala eta, esan neike Botxo dala nire lanagaitik saririk, aitamenik eta omenaldirik gehien jaso dodan lekua. Maitasun hau, beraz, alkarrendako da, adierazo dau Dolores Redondok.

1968 eta 1969an Glasgown hiru emakume hil zituan John Biblia hiltzaile ezezaguna, inoiz identifikau bakoa, aurkeztuko deusku Redondok nobela barrian. 1980ko hamarkadearen hasieran, Noah Scott Herrington polizia eskoziarrak, ikerketa burutsuei esker, pentsetan dau John Biblia Bilbon dagoala, eta bertora etorriko da, uholde ikaragarri batek uria suntsitu baino egun batzuk lehenago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu