Larrabetzuko etxeen bildumea egin dau Labayruk

Bizkaie! 2022-11-28 12:17   Kulturea

Ehun urte baino gehiagoko 162 baserri eta etxeren barri dakar liburuak.

Larrabetzuko ondare etnografiko eta linguistikoa batu eta zabaltzeko Labayru Fundazinoak 2007an hasitako bidearen azken emoitzea dogu Larrabetzuko baserriak eta etxeak liburua. Udalerrian dagozan 162 etxe eta baserriren izenak, ezaugarriak eta kokapena dakarz argitalpenak, ikerlan zehatz bati esker batuak. Etxe guztiak 1900. urtea baino lehenago eregitakoak dira.

Labayruko kideek azaldu dabenez, hainbat artxibo eta iturri bibliografiko aztertu eta hustu zituen lehenengo; dokumentuotan gordetako izenak berreskuratu ostean, datu horreek Larrabetzuko lekukoakaz kontrastetako lana etorri zan gero.

Informazino aberatsa izan dabe Labayrukoek, beraz, argitalpena egiteko. Lehenengo datuak batu ziranetik hamar urte baino gehiago pasau diranez, lekukoakaz barriro kontrastau dabe dana, barrikuntza edo aldaketarik egon ete dan jakiteko.

Irakurleak topauko ditu baserri eta etxeen zerrendea, auzorik auzo atonduta. Gero, etxe bakotxaren argazkia, izena (jasoa zein ahoz erabilten dana), agirietatik ateratako informazinoa... Larrabetzuko ondarearen zati bat herritarren esku jarten dau liburuak.

Argitalpen osoa online irakurri eta deskargetako modua emoten dau Larrabetzuko Udalaren webguneak (hemen). Behin behinean ipini dabe eskuragarri, irakurleen iruzkinak, ekarpenak edo zuzenketak jasoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu