Ramon Zubiaurreren 'Iperkalea' koadroa, Batzar Nagusietatik Durangora

Bizkaie! 2022-11-28 10:37   Kulturea

Aldi baterako lagapena izango da.

Ramon Zubiaurre, 'Iperkalea' (Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko ondarearen piezarik baliotsuenetako batek Durangorako bidea hartu dau, hango Arte eta Historia Museoan egingo daben aldi baterako erakusketan ipiniko dabelako. Ramon Zubiaurreren Iperkalea da koadroa, Ondarroako arrantza-herriaren eszena kostunbristea erakusten dauen metro biko orio-pinturea.

Ramon Zubiaurre Agirrezabal (1882-1969) Garain jaio zan eta famila be hangoa eban. Horregaitik, Durangaldeko paisajeak eta bizimoduak izan zituan inspirazino-iturri nagusietako bat, eta eskualdean ospea eta estimua dituan artistea da. Ganera, XIX. mendetik XX. menderako transizinoko euskal artearen erreferente garrantzitsuenetakoa da.

Hori guztia kontuan hartuta, Ramon Zubiaurreren atzera-begirakoa atontzen dabil Durangoko Arte eta Historia Museoa. Hil eta gero eskaini jakon banakako erakusketa zehatzena izango da, ze, normalean, Valentin Zubiaurre anaiearen obreagaz batera erakutsi izan dira Ramonenak. Orain arte ezezagunak izan diran kontu artistiko eta bibliografikoak agertzeko asmoa dau museoak.

Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzako Iperkalea izango da, beraz, erakusketako harribitxietako bat. Gernikako Batzar Etxeko Lehendakariaren Bulegoa apaintzen dau Zubiaurreren lanak, baina denpora batez handik kanpo egongo da, Durangon. Erakusketea aberasteaz gan, Durangaldeko herritarrei eta museora hurreratzen diran bisitariei Zubiaurreren maisulana ikusteko aukerea emongo deutse, Batzar Etxeko bulego itxietatik kanpo.

Durangoko Arte eta Historia Museoak aurreratu dauenez, Iperkalea-z aparte, Ramon Zubiaurreren beste koadro ugari be ikusi ahal izango dira erakusketan. Batzuk bilduma pribaduetatik ekarriko ditue eta beste batzuk museoaren beraren bildumakoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu