Bilboko Orue Txaletean preso egon ziran emakumeak gogoratu ditue

Bizkaie! 2022-11-28 09:06   Pil-pilean

Frankismoaren lehenengo urteetan 3.000 bat lagun sartu zituen han, baldintza negargarrietan.

Orue Txaletaren marrazkia, plakan agertzen dan modura (Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egun, Bilboko Santutxu auzoko etxebizitzak dagozan lekuan, Orue Txaleta egon zan, Francoren aldeko tropak sartu eta hurrengo bost urteetan errepresinorako erabili zan eraikina. Ehundazak emakume izan zituen preso han, 1937tik 1942ra, eta horreetako 11 fusilau. Errepresinoa sufridu eben Bilboko emakumeak gogoratu eta memoria historikoa lantzeko, ekitaldia egin eta plakea ipini dabe Orue Txaleta egon zan lekuan.

Bilboko Udalak atondu dau omenaldia, eta hantxe izan dira Juan Mari Aburto alkatea eta alderdi politiko ugaritako zinegotziak. Ganera, Gogora Institutua eta memoria-alkarteetako kideak be Santutxuko ekitaldian egon dira, plakea ipinteko ekimenaren bultzatzaile izan diralako.

Fagoaga Tenorraren kalean, metroaren sarbidearen aurrean egin daben lorategitxuan ipini dabe plakea. Bertan gogoratzen dabe, labur-labur, Orue Txaletaren historia, hango emakume errepresaliaduei omenaldia egiteaz gan. Udalak azaldu dauenez, Bilbo guztian gerrako eta gerra osteko errepresinoa sufridu eben beste emakume guztien gomutan be ipini dabe plakea, adibidez, Larrinagako kartzelan egon ziranena.

Hauxe da, zehatz, plakeak dakarren testua: Orue Txaleta (espetxea, 1937-1942) Frankismoak Bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeen omenez / Chalet Orue (cárcel, 1937-1942) Homenaje a las mujeres represaliadas por el franquismo en las cárceles de Bilbao. 2022.11.26.

Urian emakumeentzako kartzelarik ez egoanez, Francoren aldekoek leku bi atondu zituen Bilbon sartu eta hurrengo egunetan: Larrinagako gizonen kartzelako pabilioi bat eta Orueko Txaleta. Gerreagaitik iges egin behar izan eban jaubeari kendu eutsien Orue, bost solairuko eraikin dotorea.

1937tik 1942ra, beraz, arrazoi politikoakaitik atxilotutako emakumeak giltzapetzeko eremu izan zan Orue. Gehienbat, sozialistak, komunistak, anarkistak edo faxismoaren kontrako beste mobimendu batzuetako kideak ziran. 3.000 emakume inguru egon ziran preso.

Baina askatasunik ez izatea ez zan Oruen preso egotearen alderdirik txarrena. Izan be, hango lekukotzei eta ikerlanei esker jakin danez, ohikoak ziran tratu txarrak, bortxaketak eta danetariko umiliazinoak. Hori gitxi ez, eta preso asko ume txiki eta guzti sartzen zituen espetxean, baldintza txarretan.

Bestetik, arrazoi politikoakaitik hamaika persona hil zituen Orue Txaletean, fusilauta. Horreek hamaika emakumeak beren-beregi gogoratu ditue Udalak eta memoria-alkarteek: María Fernández García, Elvira Martínez Pascual, Teresa Chiches Ledesma, Cecilia Idirin Garate, Ana Naranjo Martín, Juana Mir García, Berta Peña Parra, Adelina Fernández Pérez, Feliciana Echave Artola, Juana Abascal Nicolás eta Leónides Antruejo Lorenzo.

Udalagaz eta Gogora Institutuagaz batera Orue Txaletaren plakea bultzatu daben memoria-alkarteak honeek dira: EAJ-PNV, PSE-EE, PCE-EPK, ANV, CNT, UGT, Sabino Arana Fundazinoa, Ramón Rubial Fundazinoa.

Plakearen inaugurazinoa, Santutxun (argazkia: Sabino Arana Fundazinoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu