Itxaro Borda eta Andres Alberdi euskaltzain oso izentau ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2022-11-28 08:05   Kulturea

Bordak Xarles Videgainen hutsartea beteko dau eta Alberdik Andoni Sagarnarena.

ItxaroBorda eta Andres Alberdi | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Akademiak euskaltzain barriak izentau ditu Donostiako udaletxean egindako Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek botazinoa egin dabe Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak beteteko eta Itxaro Bordak eta Andres Alberdik lortu dabe Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen dauen gehiengo osoa.

Gogoratu behar da Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu bihurtu zirala udearen aurretik eta garagarrilaren 22an zabaldu zala bien hutsuneak beteteko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzale lapurtarrak bagilaren 30ean 75 urte bete zituala eta, euskaltzain emeritu bihurtu zan, Euskaltzaindiaren barruko arauek xedatzen dabena aintzat hartuta. Beste horrenbeste jazo zan Andoni Sagarnagaz: Donostiako euskaltzain osoak garagarrilaren 11n bete baitzituan 75 urte. Ondoren, urrian amaitu zan hutsune horreek beteteko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bi aurkeztu zituen euskaltzainek urriaren 28an, Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) egindako Osoko bilkuran —hain zuzen be, Itxaro Borda eta Andres Alberdi—, eta orain zortzi hilebeteko aldia izango dabe euskaltzain oso barriek sarrera- berbaldiak atontzeko eta epe berdina izango dabe erantzunezko idazkia egin behar daben euskaltzainek eurenak preparetako. Aurrerago, harrera-ekitaldiak egingo dira.

Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria,1950)

Filosofian lizentziaduna. Irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.

Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua.

2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Alberdik. Tartean, Bidegileak bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), Oinarrizko gramatika (2008, Donostia: Elkar) eta Ahoskera (2014, Gasteiz: EIMA. Eusko Jaurlaritza).

Itxaro Borda (Baiona, 1959)

Oragarrekoa da familia. Historiako goi-mailako ikasketak egin zituen eta gaur egun postari ogibidetik erretiratua da. Idazlea, poeta, artikulu eta abestiren testu-egilea da Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Gazte-gazterik hasi zen izkiriatzen Herria astekarian eta ordutik ez da gelditu. Euskadi Literatura saria irabazi zuen 2002an %100 Basque lanari esker –frantsesez argitaratu zen 2004an eta gaztelaniaz 2012an−. Mugarriak finkatu dituzten nobelak eta olerki bildumak plazaratu ditu Maiatz, Susa, Alberdania eta Elkar argitaletxeetan, bereziki Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianarekikoak. Hondar mende erdiko euskal gizartearen bilakaeraz idazten du, ikuspuntu periferiko batetik, hots, Ipar Euskal Herritik, historizitatetik eta feminismotik. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroaren 26an.

1918tik 2022ra, 98 euskaltzain oso

Gaur egun, 24 euskaltzain oso, 10 euskaltzain emeritu, 143 euskaltzain urgazle eta 65 ohorezko euskaltzain dagoz Euskaltzaindian. 98 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izentau dituanak.

Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrendea (danetara, hogeita lau: 15 gizonezko eta 9 emakumezko): Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa,
Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier
Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.

Eta ondokoak dira egungo emerituen izenak (danetara, hamar): Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain eta Patxi Zabaleta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu