Nerea Ibarzabal finalerako hautagai sendo bihurtu da Baionan
2022-11-28 07:50 BertsolaritzeaSustrai Colinak eta Beñat Gaztelumendik be lan ona egin dabe.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantauko dauen zortzikotea zein izango dan ez dakigu oraindino, baina Baionan jokatutako finalaurrekoari esker gauzak argitzen doaz. Lehenengo itzulian zalantzeagaz geratu zan Nerea Ibarzabal, egindako lana nahikoa izango ete zan asmau ezinik. Baionan, baina, lan biribila eginda irabazi eban, eta ia seguru izango da Iruñeko hitzordu handian.
Epaileen puntuazinoaren arabera, 671,5 puntu batu zituan Ibarzabalek. Lehenengo itzuliko puntuei gehituta, bete-betean sartu da sailkapenaren goialdean. Bigarren Sustrai Colina izan zan (668 puntu) eta hirugarren, Beñat Gaztelumendi (656,5). Honeek biak be finalean egongo dirana ia segurua da.
Atzerago, eta Iruñean kantetako aukera txikiagoagaz, Julio Soto geratu zan laugarren (643,5). Txapelketa ederra egin dau nafarrak, baina beharbada ez da izango finalean egoteko nahikoa. Dagoeneko kanpoan geratu dira Baionako bosgarrena (Unai Agirre, 639,5) eta seigarrena (Eñaut Martikorena, 584).
Baionako Lauga Gelan 2.000 lagun inguru egon ziran harmailetan. Bertsolarien lan dotoreak eta zaleen gogoak buztartuta, giro beroa egon zan. Gai-jartzaile Ainhoa Larretxea ibili zan.
Honenbestez, finalean kantauko dabenen behin betiko zerrendea ezagutzeko, saio bakarra baino ez da falta, azken finalaurrekoa. Zapatuan, abenduak 3, izango da, Bilboko Bizkaia frontoian, 17:00etan. Honeek izango dira oholtzan: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza.
Ohiko moduan, Bertso Sarrerak webgunean erosi leitekez sarrerak. Ganera, adi ibili Bizkaie!-ren sare sozialei, ze Bilboko finalaurrekoa ikusteko sarrera bikotx bi emongo doguz zozketan. Asteon bertan emongo doguz parte-hartzeko argibideak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!