Euskaltzain oso izentau eta urtebete aurrerago Alfontso Mujikak sarrera-berbaldia egingo dau Donostian

Bizkaie! 2022-11-25 07:45   Kulturea

Miren Azkarate euskaltzain osoak erantzungo deutso.

2021eko zemendiaren 26an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban Alfontso Mujika hizkuntzalari gipuzkoarra. Orain, Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Zapatuan, hilak 26, izango da ekitaldia, Donostiako udaletxean. Euskaltzaindiak Osoko bilkurea egingo dau 10:00etan eta, ordu bi aurrerago, 12:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala: Hasmentan, udal txistulariek girotuko dabe ekitaldia eta, ondoren, Nekane Arzallus Donostiako alkateordeak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ondoetorria egingo deutse konbidatuei.

Segiduan, Alfontso Mujikak sarrera-berbaldia irakurriko dau eta horretan Euskaltzaindiak 1994tik mundu osoko persona eta leku-izenak arautzeko eginiko lana izango dau berbagai. Miren Azkarate euskaltzain osoak emongo deutso erantzuna.

Akademiaren historian lehenengoz, sarrera-berbaldia, euskeraz eta zeinu-hizkuntzaz egingo da. Persona Gorren Alkarteen Euskal Federazinoak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe oraintsu eta hitzarmen horren emoitzetako bat da zapatuko barrikuntza hori.

Berbaldien ostean, euskaltzain barriak zin egin beharko dau euskaltzain izateari jgokozan eginkizunak zintzo eta leial beteko dituala. Azkenik, euskaltzain osoaren dominea, diplomea eta ikurra jasoko ditu Mujikak euskaltzainburuaren eskutik.

Euskaltzain oso barrien izentapena

Osoko bilkuran, Xarles Videgain eta Andoni Sagarna euskaltzain emerituen hutsarteak beteteko botazinoa egingo da. Gogoratu behar da Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro zirala uda aurretik eta garagarrilaren 22an zabaldu zala bi-bien hutsuneak beteteko hautagaiak aurkezteko epea, urrira arte. Hautagai bi aurkeztu zituen euskaltzainek urriaren 28an Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) egin zan Osoko bilkuran —hain zuzen be, Itxaro Borda idazlea eta Andres Alberdi hizkuntzalaria— eta zapatuko bilkuran jakingo da euskaltzain oso izentauko dituen ala ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu