Ehun artista, Ikastolak Herriari ekimenaren 'Sutan' saioan
2022-11-23 11:07 KultureaJaso Ikastolearen eskutik, zemendiaren 25ean da hitzordua, Bilboko Campos Antzokian.
Pandemia sasoian jaio eta dagoeneko hirugarren edizinora heldu da Ikastolak Herriari Jaialdia, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak bertoko artistei autortzea egiteko eta euskal kulturea zabaltzeko atontzen dauen urteroko hitzordua. Sutan musikala egingo dabe aurten, Bilboko Campos Antzokian, zemendiaren 25ean. Hau da, bariku honetan bertan.
Nafarroako Jaso Ikastolakoak arduratu dira Sutan ikuskizuna sortzeaz, diziplina artistiko ugari buztartuta. Antzerkia, kantua, akrobaziak eta musikea dakarz barikuko saioak eta, horretarako, ehun artista inguruk urtengo dabe oholtzara, esate baterako, 37 musikarik eta 30 antzezlek. Imanol Janices eta Irantzu Zabaltza dira zuzendariak.
Jaso Ikastolako ikasleak, 12 eta 16 urte bitartekoak, arduratu dira ikuskizuna sortzeaz. Hainbat alorretako profesionalen laguntzinoagaz, gazteen esku egon dira gidoia, jantziak, eszenografia, argiztapena, sustapena eta abar.
Campos Antzokira doazan ikusleentzat ez eze, Jaso Ikastolako ikasleentzat be balio handiko esperientzia da Sutan. Sormenaz gan, gizarte hobe baten aldeko jarrerak lantzen dabiz musikalari esker. Aurtengo ikuskizunaren kasuan, feminismoa eta bardintasuna dira gai nagusiak.
Hain zuzen be, martiaren 8ko Emakumeen Nazinoarteko Egunaren jatorria azalduko dabe Sutan musikalean. New Yorken XX. mendearen hasieran grebea egin eben emakume beharginen historia modu tragikoan amaitu zan, sute baten erruz. Baina betiko geratu zan martiaren 8a emakume beharginen omenezko egun lez.
Zemendiaren 25ean saio bikotxean aurkeztuko dabe Sutan. Goizean (11:00), ikasleentzako pasea izango da eta arratsaldean (19:00), publiko guztiarentzat. Erosi sarrerak arratsaldeko saiorako hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!