Euskal jantzea eta flamenkoa buztartuko ditu 'Yarin'-ek

Bizkaie! 2022-11-21 12:43   Kulturea

Jon Mayaren eta Andrés Marínen arteko sorkuntza hau urtarrilean estreinauko dabe.

Bilboko BBK Salearen produkzino barria da Yarín, euskal jantzea eta flamenkoa buztartzen dituan ikuskizuna. Jantzan ibilbide oparoa egin daben artista ezagun biren alkarlanari esker jaio da proiektua: Kukai taldeko Jon Maya gipuzkoarra eta 2022ko Espainiako Jantza Sari Nazionala irabazi barri dauen Andrés Marín andaluziarra.

2021ean, kulturgintzea sustatzeko ahaleginari ekiteko, Yerma antzezlana produzidu eban BBK Saleak. 2022an operea izan zan helburua, Borderland obrearen bidez. 2023rako jantzearen alde egin dau, eta Yarín izango da horren emoitzea. Sevillako Flamenkoaren Biurtekoagaz alkarlanean sortuko dabe.

2023ko urtarrilaren 14an eta 15ean egingo ditue Yarín-en estreinaldiko saioak, BBK Salan bertan. Ondoren, bireari ekingo deutso eta, pixkanaka, hitzordu ugari adosten dabiz. Esate baterako, Kolonbiara joango dira Maya eta Marín BBK Salearen produkzinoa aurkezten.

Bilboko saioetarako sarrerak salgai jarri ditue gaur bertan. Online erosteko, hemen. 18 euro da prezioa.

Yarín oholtzara eroateko, eskarmentudun profesionalen laguntzinoa izango dabe Mayak eta Marínek. Batetik, koreografiak sortzeko, Sharon Fridman ibili da jantzariakaz lanean; bestetik, emonaldietan zuzeneko musikea joko dau Julen Achiaryk.

Euskal Herriko eta Andaluziako kulturen arteko loturea egiten dau Yarín-ek, sorkuntza garaikidean oinarrituta eta kultura bien zuztarrak gogoan hartuta, baina antzekotasunetan arretea jarriz. Zubilana egiten dau obreak, euskal jantzeak eta flamenkoak alkarregaz berba egin deien, alkar ulertu eta konektau, Jon Mayak azaldu dauenez. 

Flamenkoaren eta euskal jantzearen arteko topaketa honen bidez, Maya eta Marínen asmoa da kultura eta herri desbardinak alkarregaz bizi, ulertu eta desbardintasunak errespetauko dituen etorkizuna agertzea.

Izenburua bera be buztartze horren erakusgarri da, Maya eta Marín abizenen arteko baturea dalako Yarín. Ganera, turkieraz bihar esan gura dau. Han eta hemen alkarregaz topo egin izan daben arren, Jon Mayaren eta Andrés Marínen arteko lehenengo alkarlana da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu