Guggenheim Bilbao Museoak proiekzino-ikuskizu berezia dakar
2022-11-21 10:00 KultureaImmersions izeneko dobako ikuskizunerako erreserbak zemendiaren 21ean aktibauko dira.
Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurrenerako hitzordu berezirako, eskala handiko mapping ikuskizuna da Immersions, argia eta soinua ardatz izango dituan esperientzia berezia. Atrioan egingo da abenduaren 3tik 11ra Seguros Bilbaoren babesari esker, 1997an edegi ebenetik Museoaren jarduerea modu iraunkor eta jarraituan babesteko egina dauen jarrera sendoa. Aseguru-etxea Catalana Occidente taldeko kidea da, liderra espainiar estaduko aseguruen sektorean, bai eta munduko kreditu-aseguruen sektorean be.
Egun horreetan, Museoak 18:00etan zarratuko ditu ateak, normalean baino ordubete lehenago, eta ikuskizunaz gozetako txanda honeek ezarriko dira: Aratsaldeko 18:30ean, 19:30ean, 20:30ean, 21:30ean eta 22:30ean (20 minutu lehenago sartu behar da). Jaiegun bezpera egunetan, hau da, abenduaren 3, 5, 7 eta 10ean, beste aukera bat eskainiko da 23:30ean, ahalik eta persona gehienek gozau ahal izan deien ikuskizunaz.
Publikoak sarrerak erreserbau ahal izango ditu Immersions izeneko donako ekitaldirako, ezinbestekoa da sarrerea aldez aurretik erreserbetea Museoaren webgunearen bidez. Zemendiaren 21ean, 9:00etan aktibauko dira erreserbak publikoarentzat (Museoaren Lagunek zemendiaren 17tik aurrera egin leikiez erreserbak). Beste aukera bat da sarrerak telefonoz erreserbetea, 94 555 1380 zenbakira deituta, astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara.
Immersions 59 Productions etxe britainiarrak 2017an Museoaren 20. urteurrena dala eta Frank Gehryren eraikinaren fatxadarako sortu eban Reflections izeneko proiekzino ikusgarriaren jarraipena izango da. Orduko haretan, eraikinaren kanpoaldean proiektau eben uriaren eta Museoaren kontakizuna; Immersions-egaz, barriz, barrualdera sartuko da, Atrioko forma organikoak miesa moduan erabiliz.
Kurba aleatorioak argia harrapatzeko diseinauta dagoz, esan eban Frank Gehryk Guggenheim Bilbao Museoaren eraikinari buruz berbetan.
Museoaren historian izan diran mugarri garrantzitsuenen ibilbideari jarraituz eta jatorrizko soinu-bandan inspirauta, Immersions-ek argi eta soinu inguratzailezko proiekzino-ikuskizun berezi baten erdian jarriko dau publikoa. Holan, begirale huts izateari itxi eta esperientzia sensorial eta murgiltzailearen partaide izango dira ikusleak.
25. urtemugea herritarrakaz ospatzeko nahia betez, Museoak konbita egin deutse herritarrei abenduaren hasierako hainbat gautan eskainiko dauen ikuskizunera bertaratzeko. Aurrerago jakinarazoko da sarrerak doban erreserbetako modua zein izango dan.
Immersions 59 Productions diseinu estudio britainiarraren azken proiektua da. Estudioak Reflections sortu eban 2017an eta sari ugari irabazi ditu munduko leku enblematikoenetako batzuetarako lan ikusgarriak produziduteagaitik, besteak beste, Londresko Torrerako, National Theatrerako eta Londresko Royal Opera Houserako, The Metropolitan Operarako eta New Yorkeko Nazio Batuen egoitzarako, Sydneyko Operarako eta Salzburgoko jaialdirako.
Kulturearen arloan egindako proiekturik barrienak ondokoak: Ikus-entzunezko diseinua eta erakusketa interaktiboen diseinua Tulsako Bob Dylan Centerren (Oklahoma); Leonardo: Experience a Masterpiece Londresko National Galleryn, margolariaren talentuari eta praktikari buruzko esplorazinoa; Barrokoaren historiari buruzko bideo-instalazino bat Londresko Hampton Court Palacen; eta proiekzinoko mapping bat Abu Dhabiko Qasr Al Watan jauregian, Kultura eta Turismo Sailak eskatutakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!