Euskerazko sorkuntzea ardatz I. Hernanikomik azokan

Bizkaie! 2022-11-18 11:29   Kulturea

Egun biko egitaraua da, zemendiaren 18an eta 19an.

Azokearen aurkezpena, Udal Liburutegian (argazkia: Hernaniko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskeraz egiten dan komikigintzeari bultzadea emon eta sorkuntza barriak sustatzeko, lehenengo aldiz atondu dau Hernaniko Udalak Hernanikomik izeneko azokea. Hitzordua gaur eta bihar da, hau da, hilaren 18an eta 19an. Aurkezpenak, bisitaldiak, marrazketa inprobisadua, zinemea eta musikea dagoz egitarauan.

Azkenaldion euskal komikigintzan agertu diran argitalpen barriak aurkeztuko ditue azokako egun bietan: Haur besoetakoa (Unai Iturriaga eta Alex Sanvicente), Laboa (Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe), Black is beltza II: Ainhoa (Susana Martin), Utzi azalari (Axpi), Lurbinttoko ohoinak (Adur Larrea) eta Sua: Sutagar (Alex Tello eta Julen Ribas), besteak beste.

Egitarau ofizialetik kanpo be, beste aurkezpen batzuk egingo ditue Hernanin, esate baterako, Harriet argitaletxeak plazaratu dauen euskerazko lehenengo manga-komikia (Tomomi Usuiren Cube Arts) eta Nabarraldek dakarren Gasteiz 1200.

Komikigileak izango dira egitarauaren protagonista nagusiak, sortzaile ugari hurreratuko dira Hernanira egun biotan. Asisko Urmenetak eta Eider Eibarrek marrazki inprobisaduaren saio berezi batean hartuko dabe parte. Ganera, Jon Zabaleta marrazkilari eta ilustratzaileari Joseph Camino Saria emongo deutse, euskal komikigintzan egin dauen ibilbide luzearen autortza lez.

Ikusi egitarau osoa hemen.

Zaletuentzat aukera parebakoa da, komikigileen eta zaletuen arteko topagune bikaina dalako, eta hain zaletuak ez diranentzat, komikigintzara hurreratzeko aukerea da, esan dau Harriet argitaletxeko Koro Murok.

Beste azoka batzuetan euskerazko produkzinoak dauen leku urriari aurre egiteko modua be bada azokea, Xabiroi aldizkariko Dani Fanoren ustez. Komikilariok beste azoka batzuetan parte hartzen dogu, baina ez deuskue euskerazko sortzaileei txoko berezi bat eskaintzen, azaldu dau. Urtero barritasunak eta lan garrantzitsuak argitaratzen dira eta horreek erakusteko azoka baten beharra egoan.

Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzearen, Xabiroi aldizkariaren eta Gaueko komiki dendearen laguntzinoa izan dau I. Hernanikomik antolatzeko. Udal Liburutegiko Rakel Gonzalez da egitarauaren arduradun nagusia eta kartela Ainara Azpiazu, Axpi, hernaniarrak egin dau.

Ainara Azpiazuk egindako kartela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu