Bilboko Berreginen Museoak kandelakaz argituko dau 16. urteurrena

Bizkaie! 2022-11-18 11:03   Kulturea

Bisita gidatu bakarra izango da, zemendiaren 21ean.

16 urte igaro dira 2006ko zemendiaren 21ean Bilboko Berreginen Museoak Mariaren Bihotzaren Eleizea izandakoan ateak edegi zituanetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesari esker. Orain, Bizkaiko erakundeak urtebetetea ospatuko dau, programazinoaren barruan ezinbesteko bihurtu dan Kandelen argipean izeneko jarduereagaz, hain zuzen. Bisitaldi gidatu berezia da eta, bertan, kandelakaz argiztatutako Museoan, “Bizitzaren neurria. Un año de festivales” aldi baterako erakusketea ikusi ahal izango dabe ikusleek. Erakundeko teknikaria eta erakusketearen komisarioa dan Itziar Martijak Atenasera lekualdatuko ditu bisitariak, hainbat testu eta pasadizoren bitartez.

Bisita gidatu berezi hori orain urte batzuk hasi zan, Berreginen Museoaren urtebetetze-ospakizunen barruko ekitaldi moduan. Gaur egun, erantzun bikaina dauenez, Bizkaiko erakundearen programazino zabalaren barruan sartu da.

Kandelen argiak piezak argiztatzen dituan moduari esker, ikusleak beste era batera ikusi ezingo leukezan zehetasunak azaltzen jakoz begien aurrean. Bisitearen magia. Gainera, Museoa argi guztiak amatauta ikusteak, kandelek argiztatuta, ekitaldi bakar eta berezi bihurtzen dau eskainitako jarduerea.

Publikoak hurretik ezagutuko ditu Bizitzaren neurria. Un año de festivales erakusketea osotzen daben piezen zehetasunak. Ibilbidea zuzien argitan ospatzen ziran antxinako erritual batzuei jarraituz egingo da.

Hitzordua Berreginen Museoan izango da, zemendiaren 21ean, astelehenean. Bisita gidatua euskeraz izango da 18:00eetan eta gaztelaniaz, 19:00retan. Jarduera horretan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena emon beharko da 94 415 02 31 telefonoan. Doban izango da eta 20 persona joango dira txanda bakotxean.

Joandako 16 urteotan, Bilboko Berreginen Museoa erakusketa eta jarduera-programa gero eta zabalagoa osotzen joan da eta gaur-gaurkoz, ekitaldien agendea da Bizkaiko erakundearen ezaugarri nabarmenena. Bizkaian kultura-erreferentzia bihurtu da Berreginen Museoa, eskultura klasikoen kopiez osotutako erakusketa iraunkorragaz, aldi baterako erakusketakaz eta erantzun bikaineko Artelana bere testuinguruan lako jarduerakaz. Espazio horretan, erakundea ordezkatzen dauen klasikoak bat egin dau inguruko kultura-aniztasun berezkoagaz eta hainbat arlotan batera lan egitea ahalbidetu dau.

Museora gero eta jente gehiago hurreratzen da eta horrezaz gain, hezkuntza-programa zabalaren ondorioz, lurraldeko gero eta ikastetxe gehiago joaten dira bilduma ezagutzen. Hori dala eta, urtebetetze-jai hau atonduta, erakundeak eskerrak emon gura dutsee azken 16 urte honeetan zentroan izan diran guztiei. Urtero antolatzen diran erakusketez eta jarduera propioez gan, ehunka ekitaldi egiten dira bertan, horreetako asko erakundea kokatuta dagoan auzoaren bizimoduagaz estu lotuta dagozanak. Eleizea egoitza bihurtu izan da, San Frantzisko eta Bilbo Zaharraren inguruan programau diran kultura-lehiaketa gehienetarako, besteak beste, Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia, ekitaldi jentetsuena Tattoo Adicts izan ebana, BAD, Zinegoak, Caostica edo Fair Saturday.

Bestalde, Museoak ateak zabalik ditu beti uriko eta lurraldeko giro kulturalean: Liburuen aurkezpenak, moda desfileak, zinema-filmaketak, pintxoen aurkezpenak eta berbaldiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu