UEUren deia #Txiotesia6 lehiaketan parte hartzeko

Bizkaie! 2022-11-17 13:25   Kulturea

Ikertzaile euskaldunen lana gizarteratzea da helburua.

Aurreko edizinoetan izan dauen harrera ona ikusirik, UEUk barriro antolatu dau Txiotesia lehiaketea, tesia egin barri daben edo orain egiten dabizan ikerlari euskaldunei zuzendua. Seigarren edizinoa danez, #Txiotesia6 izenpean dator lehiaketea.

Funtzionamendua erraza da: lehiaketearen egunean, zemendiaren 22an, parte-hartzaileek euren tesia Twitterreko sei mezu edo txiotan azaldu beharko dabe. Ez da onartuko ez txio gehiago ez gitxiagoko azalpenik. Mezuak euskeraz idatzi beharko dira eta tesiaren nondik norakoak ahalik eta garbien azaltzea da helburua.

Ikerlari bakotxak nahi dauen moduan erabili ahal izango dau sei txiok emoten daben espazio laburra azalpena ahalik eta ondoen emoteko. Irudimena eta ideak laburtzeko gaitasuna behar-beharrezkoak dira. Baldintza bat jarri dau UEUk: lehenengo txioan tesiaren izena ipini behar da eta seigarrenean, tesiaren ondorioa, emoitzea edo hipotesia.

Sari bi emongo ditue. Bata, txiorik ulergarriena idazten dauenari. Bigarrena, tesia azaltzeko modurik originalenari. Irabazle bakotxak 500 euro eroango ditu.

Ahalik eta parte-hartze zabalena egon daiten, Euskal Herriko unibersidade guztiakaz jarri da hartu-emonetan UEU. Ganera, aurreko edizinoetan parte hartu ebenek barriro egin leikie ahalegina orain. 2019tik 2022ra tesia aurkeztu dabenek edo orain egiten dabizanek dabe 6. Txiotesian parte hartzeko modua.

Unibertsitatea.net atariaren bidez antolatu dau Txiotesia UEUk, EHUren Kultura Zientifikoko Katedrea laguntzaile dala. Lehiaketearen helburuak euskal ikertzaileei izen-abizenak jarri eta egiten daben lana gizarteratzea dirala azaldu dau UEUk. Txiotesiaren inguruko informazino zabalagoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu