Munduaren kontraesanak musikaz jantzi ditu Willis Drummondek

Bizkaie! 2022-11-17 10:08   Musikea

Laukote formatuan plazaratu dabe Hala ere disko barria.

Willis Drummond laukotea, Bilbon, diskoaren aurkezpenaren aurretik (argazkia: Willis Drummond) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mandarina baten argazkia agiri da Willis Drummond taldearen disko barriaren azalean, kantuen atzean dagoan kontzeptu nagusiaz gogoetea egiteko abiapuntua eta aukerea emon eutsalako Jurgi Ekiza kideari. Munduaren izakera absurdua eta bizitzeak dituan kontraesanak dira Hala ere bildumearen gaia.

Hegazkinez Tahitira joiala, Groenlandiako lurrazal izoztuaren ganean mandarinea jaten hasi zan Jurgi Ekiza. Hor konturatu zan absurdoaren metafora ederra zala: munduko biztanle pribilegiadu gitxi batzuek klima epeletako frutea jan leikie herrialde izoztuen ganetik hegaz doazan bitartean.

Mundu absurdo horren amaieran gagozala azpimarratu dau Willis Drummondek disko barrian. Kontzientzia ekologikoa agirikoa da mezuan, baina baita kontraesanen onarpena be. Ingurumenaren alde egin arren, taldekideek eurek ondo dakie kontraesanez betetako jarrerea dala eurena.

Ingurumenaren inguruko ardurea aitatzen dabe diskoan (Mandarina kantuan, adibidez), eta munduaren kaosari be kantetan deutse (Gauzak). Baina bestelako gai batzuk be agertzen dira, besteak beste, Bidasoa zeharkatu nahi daben migranteen kontrako krudelkeria (ikusi bideoklipa hemen).

Willis Drummonden estudioko zazpigarren diskoa da Hala ere, eta laukote formatura bueltau dira berau grabetako. Pandemian hasi zan Vincent Bestaven taldearen kontzertu akustikoetan parte hartzen, eta behin betiko kide bihurtu da disko honetan.

Aldaketak dakarz disko barriak Willis Drummonden estiloan, lan modernoa egin nahi izan dabelako, baina zaleek betiko ezaugarri ugari topauko ditue oraindino, esate baterako, indie ikutudun rocka eta 1970eko eta 1990eko hamarkadetako talde ezagunen eraginak.

Diskoa sortzeko prozesuan be betiko ikuspegiari heldu deutse taldekideek, hau da, gauzak modu horizontalean erabagitea, musikariak eurak protagonista dirala. Vintage moduko grabazinoa be izan dala onartu dabe, aurrerapen teknologiko larregi barik eta instrumentuei ahotsa emonda. Tarnosen egin dabe prozesu osoa, Shorebreaker estudioan.

Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dabe Hala ere, eta ez da kasualidadez hartutako erabagia izan, euren bigarren etxe bihurtu dalako azkenaldion. Diskoa aurkezteko birea be hantxe hasiko dabe, zemendiaren 26an.

Ondoren, pilo bat kontzertu ditue berbatuta: abenduan, Miarritzen (2an), Durangon (Ahotsenean), Teruelen eta Zaragozan. Urtarrilean, Donostiako Dokan (6an) eta Iruñeko Zentralen (13) joko dabe, baita Azpeitiko Sanagustinen be (21). Logroño, Madril eta Almazan aldean ibili eta gero, Gasteizera bueltauko dira zezeilaren 17an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu