Indarkeria matxistearen biktimak gogoratuko ditue Getxon zemendiaren 25ean

Bizkaie! 2022-11-16 12:31   Pil-pilean

Sensibilizazinoa eta kontzientziazinoa beharrezkoak dirala dino Carmen Díaz zinegotziak.

Puntu morea ikusgai dago Getxon (argazkia: Getxoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakumeen kontrako indarkeriari ezetz esateko eguna da zemendiaren 25a. Aurten, Getxoko Udalak gogoan izango ditu indarkeria matxistearen biktimak, batez be horren erruz hil diran emakumeak. Desbardintasunak eta indarkeria salatzen segitzea ezinbestekoa dala adierazo dau Carmen Díaz zinegotziak.

Gustauko litzakigu zemendiaren 25aren inguruan kanpainarik egin beharrik ez izatea, baina gaur egun ezinbestekoa da emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko konpromisoagaz eta burrukeagaz jarraitzea, dino Gizarte Kohesinoko zinegotziak.

Era berean, bardintasunaren aldeko politikak sustatzea eta jarduera-protokoloak atontzea be beharrezkotzat jo dau Díazek, indarkeria matxistearen biktimak babesteko eta hareen erreparazinoan lan egiteko

Kanpaineagaz bat, jarduera ugari atondu ditue Getxon zemendiaren 25ean eta inguruko egunetan. 25etik 28ra, sensibilizazino interaktiboko ekimena egongo da martxan Algortako Geltokia plazan. Ondoren, Ibaiondo kalera eroango dabe. Bestetik, indarkeria obstetrikoaren inguruko berbaldia emongo dabe Nerea Azkona eta Itziar Eizmendi bideratzaileek zemendiaren 23an, Getxo Alkartegian.

Indarkeria matxistearen kontrako jarrerea argi eta garbi erakusteko, puntu moredun pankartak jarri ditue Getxoko udaletxean eta beste eraikin publiko batzuetan. Igongailu publikoak eta Zugatzarte pasealekua morez argiztauko ditue hilaren 25eko astean. Merkatariakaz alkarlanean, txapak eta eskumuturrekoak banatzen dabil Udala herritarren artean.

Ekitaldiak biribiltzeko, zemendiaren 25ean ohiko alkarretaratzea egingo dabe 19:30ean, Bizkaia Zubiko plazan. Lehenago, eguerdian, minutu bateko isilunea gordeko dabe Algortako Geltokia plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu