Iker de las Heras matematikariak Reinhold Baer Saria irabazi dau
2022-11-16 09:21 Pil-pileanEHUn egin eban tesiagaitik egin deutse nazinoarteko autortzea.
Matematikari gazteentzako mundu mailako sarien artean esanguratsuenetako bat da Reinhold Baer Saria, aljebra abstraktuko talde-teoriaren arlokoa. Urte birik behin emoten dabe AGTA (Advances in Group Theory and Applications) alkarteak eta Aracne argitaletxeak. 2022koa EHUko Matematika Saileko kide Iker de las Heras Kerejetak irabazi dau.
Doktore-tesirik onena aurkezten edo aldizkari zientifiko batean artikulu onena argitaratzen dauen ikerlari gazteari emoten deutse saria. De las Herasek 2017 eta 2020 artean egin eban tesia, Gustavo Adolfo Fernández Alcober irakaslearen gidaritzapean, Some topics on finite p-groups and pro-p groups izenburupean.
Iker de las Herasek uste dau bultzadea emongo deutsala sari ospetsu hori irabazi izanak, batez be laguntzino ekonomikoak eskuratzeko: Matematika hutsean, beste arlo askotan lez, ez da bape erraza laguntzinoak lortzea, garrantzi handiegia emoten jakolako proiektuek izan leikien berehalako eragin ekonomikoari. Ez dakit nire ikerketa arloak etorkizunean ekarpen ekonomikoa egingo dauen, nire helburu nagusia ezagutza hutsa dalako.
Berarentzat ez eze, EHUko komunidade osoarentzat be balio handiko saria izango dala uste dau. Epaimahaiak nire lana holan balorau izanak aurrera egiteko indar handia emon deust. Uste dot sari hau aukera ona dala matematikako ikasleak motibetako.
Iker de las Heras EHUko Matematika Departamentuko eta Groups and Geometry ikerketa taldeko kidea da. Lantzen dituan arlo nagusiak pro-p taldeak, p-talde finituak, berbazko azpitaldeak eta Hausdorffen dimensinoa dira. Irakasle izan da Eibarko Injinerutza Eskolan. Gaur egun, Alemaniako Düsseldorf urian dago, doktorau osteko beka bati esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!