I. Best Topaketak, Bizkaiko emakume sortzaileen sarea indartzeko asmoz

Bizkaie! 2022-11-16 08:57   Kulturea

Maurizia Aldeiturriaga, Zeberioko pandero-jotzailea izango da irudia eta omendu berezia.

Bizkaian bizi edo lanean dabizen emakume sortzaileek hitzordu berezia dabe datorren zemendiaren 19an Euskalduna Jauregian. Zelako Kultur Ideak alkartearen eskutik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker jaio barri dan Best Topaketak ekimenaren helburua, Bizkaian bizi edo sormen lanetan dabizen emakumeentzako topaleku izatea da, alkar ezagutzeko aukerea eskeiniz, esperientziak eta ezagutzak alkarbanatzeko gunea eregiz eta ertz edo hegaletan dagozanak erdigunera eroateko aukerea parebakoa eskainiz.

Mauricia Aldeiturriaga pandero-jotzaile eta abeslari handia izango da Best Topaketen lehen edizino honetako irudia, zeberiotarrari omenaldi berezia eginez. Ekimenean, literaturea, musikea, zinemagintzea eta arte dramatikoan adituak diran emakumeek hartuko dabe parte. Goizean mahai-inguruak egongo dira eta arratsaldean, barriz, poesía errezitaldiak, kontzertu akustikoak eta antzezlan bi.

Topaketan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena emotea www.best.eus wegunean eta publiko osoari edegita badagoz be, aforoa betetekotan emakumeek izango dabe lehentasuna.

Egitarau oparoa

Sarea sortzeko helburu horren harian, egitarau oparoa izango da: Goizean berbeak hartuko dau garrantzia. Goizeko 10:00etan hasita hiru mahai-inguru izango dira: Lehenengoa Plaza Berriak izenburupean, Ane Zabala kazetariak dinamizauko dau eta zinemagintzea eta arte dramatikoa izango ditu berbagai, Ainhoa Artetxe eta Itziar Atienza aktoreak eta Lara Izagirre zinemagilea izango dira berbalari. Ondoren, 11:00etan, Musikearen transmisinoa eta misinoa lelopean, Leire Palacios kazetariak gidatuko dau barriketaldia Maria Rivero eta Ane Martinez musikariakaz eta Nerea Alberdi konpositoreagaz. Amaitzeko, 12:30ean eta Leire Palaciosen gidaritzapean, Laura Mintegi idazle eta EHUko irakasleak, Alaine Agirre fisikari eta idazleak eta Lizar Begoña idazleak hartuko dabe berbea Erreferenteak literaturan izenburuko mahai-inguruan.

Azkenik, 14:00etan, lehen faseari amaierea emateko, Ane Lindane bakarrizketariak mahai-inguruetan ataratako idea, esperientzia eta gogoetak laburbatu eta ondorioak eskainiko ditu artistearen ohiko umoreari eutsiz. Bertaratzeko aukerarik ez dabenek goizeko atal hau streaming bidez jarraitzeko aukerea izango dabe.

Arratsaldeko egitaraua, ostera, ekintzak izango dira protagonista. Aratsaldeko 17:00etan Berbak Sare izenburupean poesía errezitaldia egongo da Maddi Zabalo, Izaro Borda, Nora Garmendia, Dafne Gonzalez, Leire Ugadi, Amaia Barrena eta Libe Goitia Artetxe idazleen eskutik eta Leire Vargas bertsolari, idazle eta itzultzaile durangarraren gidaritzapean. Ondoren, 18:00retan, Noah Cliff abeslari eta musikagile plentziarrak, D’Capricho musika taldeko Dana D’Capricho kubatarrak eta Ane Zugaza musika sortzaile bilbotarrak kontzertuak eskainiko ditue.

Igaro antzezlanaren estreinaldia eta Winona and Grace-en making offa

Best Topaketen lehen edizino honetako egitarauari amaierea emoteko Igaro antzezlanaren estreinaldia nabarmendu behar da, 19:00retan hasiko dan antzezlana. Alde batetik, Maren Basterretxea berritxuarraren Igaro antzezlanaren estreinaldia izango da: Igaro denporearen iragankortasunaz hausnartzen dauen piezea da, emakume bati bizkarrean sentiduten dauen zamak orainaldia bizitea eragozten deutso. Aldare bat eregi eta zama horri agur esatea erabagiten dauen arte.

Azken buruan, 19:30ean, Ainhoa Artetxe eta Graciela Daniz antzezleek Winona and Grace antzezlanaren backstage prozesuan sartuko dabe publikoa. Winona & Grace antzezlanean aktore izatearen nahia eta hori lortzeko prozesua dira aztergai, helduak izatea, hausitako amesak, etsipenak eta nor edo nor izan beharra be bai. Khea Ziater antzerki taldeak joan dan zezeilean estreinau eban antzezlan honen sormen prozesuan sartzeko aukerea izango dogu Best Topaketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu