Emakume zornotzarren gomutak eta bizipenak batuko ditue
2022-11-14 10:15 KultureaPostal bana bialdu deutse udalak, parte hartzera animau daitezan.
Herriko emakumeen testigantzen bidez, 1940tik gaur egunera arteko Zornotzako historia osotzeko eta aberasteko asmoa dau Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta horretarako ipini dau martxan Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio ekimena. Herrian bizi diran andren gomutak eta bizipenak ezagutzea da asmoa, hareen ekarpena ezinbestekoa dalako azken hamarkadetan udalerriak izan dauen bilakaerea ulertzeko.
Emakume zornotzarrek kontautakoa aldarrikatu eta ezagutarazo nahi dugu, bai hemen bizi ziran emakumeenak, bai Amorebieta-Etxanora egoera ezbardinen ondorioz heldu ziranenak be, azaldu dau Udaleko Bardintasun zinegotzi Ainhoa Salterain Gandariasek.
Azken urteotako jazoerek (pandemia, gerrea...) sentipenak azaleratu dituela ganeratu dau zinegotziak, eta gomutak batzeko momentu aproposa izan leiteke. Amorebieta-Etxanok udalerri solidarioa, abegitsua eta hurrekoa dala erakutsi dau. Halan ikusi da azken hilabeteotan izandako jarreran eta orain dala hamarkada batzuk erakutsitakoan, beste leku batzuetatik heldutako emakume eta familiei egindako harrereagaz.
Ekimenaren parte lez, eta testigantzak batzeko deia zabaltzeko, Udala postalak bialtzen hasiko da asteon, herriko emakume bakotxari bat. Alderdi batean, Zornotzako argazki zahar bat eta beste barri bat agiri dira, herriaren bilakaerea erakusteko. Beste alderdian, ekimenaren barri emoten dauen mezua eta zuriune bat topauko ditue hartzaileek. Hor idatzi ahal izango ditue euren sentipenak.
Herriaren historia emakumeen begietatik eta esperientzia personaletan oinarrituta ezagutu nahi dabe, Salterainen arabera: 1940ko hamarkadatik aurrera zer jazo zan, zornotzarrek zelan bizi izan eben beste emakume batzuen etorrerea; Amorebieta-Etxanora heldu ziran emakumeen barri be izan nahi dogu, etorri ziranean zer topau eben ezagutu, zelakoa zan hareen bizitzea?.
Herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, bueltan jasotako postal guztien artean hiru sarituko ditue: Zornotzar guztiak ekimenean parte hartzera animau eta hiru postal saritu nahi doguz, orain dala hamarkada batzuetako Amorebieta-Etxano gogora ekarriko deuskuen hiru mezu. Sariak hiru Amorebono izango dira, bakotxa 500 euroko balioduna.
Behin postal guztiak irakurri, informazinoa batu eta Udalak aurretik daukan dokumentazinoa gehituta, erakusketea atonduko dabe. Martiaren 8an zabaltzea da aurreikuspena, Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz bat. Ekimen honen bidez jasotako kontakizun eta bizipenen zati bat erakutsiko dogu.
Ganera, Salterainek aurreratu dauenez, testigantzetan oinarritutako dokumentala be grabauko dabe, urtebete barru estreinetako asmoz. Dokumental hau iraganeko Amorebieta-Etxanoren isladea izango da emakumearen ikuspegitik, eta, era berean, etorkizuneko idea bat ostzen lagunduko deusku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!