Aitor Mendiluze irabazle Durangon eta 18 bertsolari bigarren itzulira

Bizkaie! 2022-11-14 07:50   Bertsolaritzea

Hurrengo hiru saioetan erabagiko da finaleko zortzikotea.

Aitor Mendiluze, Durangon (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko faseko lehenengo itzulia amaitu da eta, beraz, finalerako bidea argitzen doa parte-hartzaile guztientzat. Durangoko saioko sei bertsolariak bigarren itzulian izango dira. Aitor Mendiluze irabazlea eta Beñat Gaztelumendi bigarrena, ganera, puntuen sailkapenean goialdean jarri dira.

Hain zuzen be, 726,5 puntu batu ditu Mendiluzek Durangoko Landako Gunean, finalaurreko guztietako puntuazino onenetan bigarrena. Beñat Gaztelumendiri 716,5 puntu emon deutsez epaileek. Julio Soto hirugarrenak 686 eskuratu ditu, Aitor Bizkarra laugarrenak 677,5 eta Saioa Alkaizak 662. Eñaut Martikorenak, azkena izan arren (636,5), nahikoa izan dau bigarren itzulian kantetako.

Txapelketak aurrera egin ahala, ikusmina be handitzen doa zaleen artean. Publikoan 2.000 lagun inguru egon ziran zapatuan, Durangoko saioa entzuten.

Lehenengo itzuliko 18 bertsolari bigarrenera pasau dira eta honeek seirak geratu dira kanpoan: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga. Finaleko zortzikotean Maialen Lujanbio txapelduna eta finalaurrekoetako zazpi onenak egongo dira eta horretarako lehenengo eta bigarren itzulietako puntuak batu beharko dira. Holan dago sailkapena, saio bana jokatuta:

Alaia Martin 729,5

Aitor Mendiluze 726,5

Beñat Gaztelumendi 716,5

Joanes Illarregi 711

Sustrai Colina 710

Oihana Iguaran 688,5

Amets Arzallus 688

Julio Soto 686

Aitor Bizkarra 677,5

Agin Laburu 677

Nerea Ibarzabal 673

Saioa Alkaiza 662

Jone Uria 660,5

Unai Agirre 652,5

Miren Artetxe 644,5

Onintza Enbeita 639,5

Eñaut Martikorena 636,5

Maddalen Arzallus 635

Hurrengo saioa, finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengoa, Amurrion jokatuko da, zapatuan, hilak 19. Oholtzan izango dira Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita.

Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz, hurrengoak abenduaren 3an Bilbon jokatuko dan finalaurrekorako izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu