Ager Solabarrieta, munduko txapeldun Arabiar Emirerri Batuetan
2022-11-11 13:32 KirolaItsuentzako karabinan, etzunda, irabazi dau urrea ondarroarrak.
Saioaren hasieratik jaun eta jaube izan da Ager Solabarrieta, Itsuentzako Karabinako Munduko Txapelketako bere modalidadeko finalean, Arabiar Emirerri Batuetako Al-Ain urian. Etzunda eta hamar metrora tiro egitekoa da ondarroarraren modalidadea.
Finaleko bigarren txandatik lehenengo lekuan egon da Solabarrieta eta dominen benetako lehia hasi danerako 2,1 puntuko aldea izan dau bigarrenagaz. Danetara, 24 tiro bota ditu.
Hasieran eskuratutako abantaileari eutsita, urrea irabazi dau Solabarrietak, 245,8 puntugaz. Azken txanpan dianearen erdi-erdian lau tiro jota, urreak ez deutso iges egin. Behin betiko sailkapenean, bigarren izan da Grzegorz Klos poloniarra (241,4 puntu) eta, hirugarren, Fran Skracic kroaziarra (215,1).
Martian Norvegian Europako txapeldun izan zan eta orain bere modalidadeko munduko onena be bada Ager Solabarrieta. Lorpenaren zati handi bat Maite Badiola gida, laguntzaile eta emazteari zor deutso. Izan be, itsuentzako karabina txapelketetan, tiratzaileari laguntzen deutsan gidea ezinbestekoa da. Al-Ainen be Badiola izan dau alboan.
Ikusmenik ezean, entzumena erabilten dabe Ager Solabarrietaren modalidadean dabizanek. Horretarako, karabina bereziak ditue, zirkuitu elektroniko batez argia soinu bihurtzen dabenak, zehaztasun handiz. Soinuok entzunda jakiten dau tiratzaileak dianea non dagoan.
Pozik eta harrituta dago Solabarrieta urrezko domineagaitik. Ezin neban sinistu, amaitzean Maiteri galdetu deutsat ze postutan geratu nazan eta irabazi dodala erantzun deustanean negarrez hasi naz, esan deutso tiratzaile ondarroarrak ONCE erakundeari.
Martian Europako txapeldun izan zanean, Bizkaie!-gaz egin eban berba Ager Solabarrietak. Irakurri alkarrizketea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!