'Frantziako dama' komikia plazaratu dabe Jose Carlos Torrek eta Alvaro Rabellik

Bizkaie! 2022-11-11 13:03   Kulturea

Letizia Gaspar margolariak egin dau berbaurrea.

Aste bi barru egongo da kalean Frantziako dama izeneko komikia, Jose Carlos Torrek eta Alvaro Rabellik orain arte alkarregaz egin daben komiki argitalpenik luzeena.

Jose Carlos Torre (Bilbo) marrazkilariak eta Alvaro Rabelli (Basauri) idazleak komikira ekarri dabe Frantziako andrea izeneko euskal balada ezaguna. Ahozko tradizinotik datorren balada honen bertsoak Bizkaiko Zeanuri herrian jaso zituan Manuel Lekuonak eta 1933ko Anuario de Eusko Folklore izeneko aldizkarian lehen aldiz agertu ziran. Bada, egile bizkaitar biak bertsootan oinarritu dira Frantziako dama albuma egiteko. Edozelan be, baladatik harago, giroa eta personaiak sakonago jorratu nahi izan ditue, narratibotasunean be aberatsago agertzeko. Ikuspegi barritzailea be emon nahi izan deutse Erdi Aroaren amaieran girotutako istorio honi, emakumezko personaiei aparteko garrantzia emonez. Hori dala eta, jatorrizko bertsoetan agertzen ez diran zenbait pasarte landu ditue.

Nabarmentzekoa be bada Letizia Gaspar margolariak egindako berbaurrea.

Frantziako dama honek, jatorrizko bersoetan legez, istorio gogorra dakar, dramatikoa. Etxera bueltetan dan zaldun batek emaztegaia hil beharko dau amaren aginduz. Tragedia, amodioa, gorrotoa, mendekua eta damua ez dira falta Erdi Aroko istorio klasiko honetan.

Gallo de Oro Edicionesek izan dau argitalpenaren ardurea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu