Durangon amaituko da finalaurrekoetako lehenengo itzulia
2022-11-11 10:27 BertsolaritzeaZapatuan, hilak 12, Landako Gunean.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako fasea momentu erabagigarri batera helduko da zapatuan, Durangoko Landako Gunean: lehenengo itzuliko azken saioa jokatuko danez, puntuen sailkapen orokorrean bertsolari guztiak sartuko dira, eta azken seirak txapelketatik kanpo geratuko dira. Ganerakoek bigarren itzulian kantauko dabe.
Ohiko moduan, 17:00etan hasiko da saioa. Oholtzan, sei bertsolari: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Aurreko edizinoan finalean egondako Mendiluzek eta Gaztelumendik Durangon ekingo deutse 2022ko txapelketeari. Gai-jartzailea Ane Ezenarro izango da.
Epaileak finalaurreko saio guztietako berberak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.
Durangoko saiorako sarrerak eskuragarri dagoz interneten, Bertso Sarrerak webgunean. Ganera, egunean bertan, 15:00etan Landakoko txarteldegia edegiko dabe, eta hor sarrera gitxi batzuk egongo dira salgai. Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz; Durangoko saiorako zozketea geure sare sozialetan egin dogu asteon (@iragoikoalde eta @irratia20 izan dira irabazleak) eta abenduaren 3an Bilbon jokatuko dan azken finalaurrekorako be emongo doguz beste batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!