Elhuyarrek 50. urteurrena ospatu dau

Bizkaie! 2022-11-11 08:14   Kulturea

Orain arteko bidea gogoan, etorkizunak dakarrenari begiratu deutse ekitaldian.

Donostiako Kursaal Jauregiko Ganbera Aretoan batu dira euskal gizarteko eta kulturako lagun ugari, Elhuyar Fundazinoak antolatutako ekitaldian: lankideak, lankide ohiak, elhuyarkideak, bazkideak, bezeroak… 400 persona baino gehiago. Izan be, Elhuyarren 50. urteurrenaren ospakizunetako hitzordu nagusia izan da, mende erdian egindako bidea gogoratu eta geroak dakarrenari heltzeko momentua. 50 urte aurrerago goiburupean egin dabe ekitaldia.

Ikuskizun eta emonaldi laburrei esker, giro bikainaz gozau dabe bertaratutakoek. Janus Lester taldearen musikea, Maddalen Arzallusen bertsoak, Kimuak-en jantzea eta Antton Telleriaren umorea egon dira egitarauan, baita Gaizka Chamizo eta Kaotika Petruski mimoak be.

Euskerea eta zientzia izan dira Elhuyarren oinarri 50 urteotan, eta alor bietako adituek be hartu dabe parte ekitaldian. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta CIC Nanoguneko zuzendari Txema Pitarkek euren ikuspegia emon dabe eta, ondoren, Elhuyar Fundazinoaren patronatukoen txandea izan da. Hiztegiak, euskera planak, bardintasuna, eraldaketa soziala eta beste gai asko jorratu dira Kursaalean.

Iluntzeko momenturik harrigarrienak, baina, adimen artifizialak dakarzan barritasunen erakustaldiek ekarri ditue. Andoni Aizpuruk egin dau berba oholtzan eta, azken aurrerapen teknikoei esker, ahots sintesiak emon leikezen aukerak ezagutu ditue bertarattuakoek. Esate baterako, Mycroft bozgorailu adimendunaren bidez, katalanez entzun ahal izan dira Aizpururen berbak. Hitz Zentroko Eneko Agirrek adimen artifizialaz azalpenak emon ditu gero.

Ekitaldiaren amaiera aldera, Elhuyar Fundazinoko koordinatzaile nagusiak, Jon Abrilek, egin dau berba. Euskerearen eta euskal gizartearen erronkei modu kolektiboan egin behar deutsegu aurre, alkarlanaren bidetik, adierazo dau. Horretarako ahaleginak bizkortu, ausart jokatu eta baliabideak areagotzea ezinbestekoa da, 50 urte aurrerago be izan gaitezan.

Argazkiak: Elhuyar Fundazinoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu