'Disoinua' erakusketea ipini dabe Bilboko Metroaren Abando geltokian

Bizkaie! 2022-11-10 13:21   Kulturea

2022ko Bilbao Bizkaia Design Week-en barruko ekimena da.

Arruabarrena, Basurko eta Ochandiano, panelei begira (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sormenaren eta diseinuaren industrien sektorean, inguruko hitzordurik garrantzitsuena da Bilbao Bizkaia Design Week. Erresonantzia lemapean dator aurtengo edizinoa, zortzigarrena, zemendiaren 17tik 27ra, baina aurretik, Design Week-egaz lotutako erakusketea zabaldu dabe Bilboko Metroko Abando geltokiko korridoreetan.

Disoinua izeneko erakusketea zemendiaren 30era arte ikusi ahal izango da Abandon. Inaugurazinoan izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Garapeneko diputadu Ainara Basurko, Bilboko Udaleko zinegotzi Xabier Ochandiano eta MetroBilbaoko zuzendari kudeatzaile Eneko Arruabarrena. Honek azaldu dau erakusketearen bidez metroko erabiltzaileak inplikau nahi dituela diseinuaren eta sormenaren munduan.

Dozena bat panel daukaz Disoinua erakusketeak. Diseinuaren inguruan hainbat lagunek dituen eretxiak ezagutu ahal izango doguz bertan, testu eta irudien bidez. Izan be, ikerketa sakon baten emoitzea da erakusketea. Hogei bat persona alkarrizketatu ditue, diseinuak eurentzat dauen esangureaz.

Bestetik, ColaBoraBora da 2022ko Bilbao Bizkaia Design Week-eko komisarioa, Bilbon egoitza dauen gizarte-ekimeneko kooperatibea da ColaBoraBora. Hilaren 17tik 27ra, 50 jarduera inguru ekarriko ditu ekimen horrek urira, Erresonantzia leloak gogora ekarten dituan oihartzun eta ikuspegiak jorratzeko asmoz. Barriketaldiak, topaketak, azokak eta erakusketak dagoz egitarauan.

2022ko uri konbidadua Flandriako Kortrijk izango da. Unescoren Uri Sortzaileen Sarean sortzen diran loturen barruan dator uri bien arteko lankidetzea. Bilbo 2014an sartu zan sare horretan, Diseinuaren Uri izendapenagaz. Zemendiaren 24an, Zabalguneko merkaduan, Kortrijkeko sormen-sektoreko ordezkariek euren lanaren barri emongo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu