Arte-sorkuntzarako espazio barria Otxarkoagan
2022-11-10 08:03 KultureaBilbaoArteko artistek proiektuetarako leku zabalagoa izango dabe aurrerantzean.
Bilboko Udalak eta BilbaoArtek sorkuntzarako espazio barria inaugurau dabe uriko Otxarkoaga auzoan, Udal Etxebizitzak erakunde publikoaren jaubetzako Otxar Open Gela zentroan. Lehendik BilbaoArten beharrean ibili diran artistentzako lekua da.
Proiektuak txandakatzea da asmoa: gehienez lau artista edo kolektibok erabiliko dabe aldi berean, euren proiektu edo artelanak sortzeko. Horri esker, BilbaoArteko kideek leku zabalagoa izango dabe aurrerantzean, Urazurrutia kaleko betiko egoitzeari batuko jakolako Otxarkoagakoa.
Urian aitzindaria dan espazioa dala adierazo dabe Udaleko ordezkariek inaugurazinoan. Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarriagaz batera izan dira Etxebizitza arloko zinegotzi Jon Bilbao, alderdi politikoen ordezkariak eta Udal Etxebizitzak-eko zuzendari nagusi Eider Bilbao. Javier Riañok, BilbaoArteko zuzendariak, egin deutse harrerea bertaratutakoei.
Espazio barria orain aurkeztu daben arren, aurretik be martxan izan da, proba pilotu lez. Dagoeneko, BilbaoArtegaz lotutako artista ugarik probau ahal izan ditue instalazinoak: Estíbaliz Sádaba, Amaya Suberviola, Rocío Agudo, Jon Ander Terroba, Ismael Iglesias, Jimena Kato, Javier Bravo, Alejandría Cinque, Nora Aurrekoetxea, Gari Arambarri eta Lucía Chamorro ibili dira Otxarkoagan euren proiektuak sortzen.
Lehenengo aldia da BilbaoArteko artistek Urazurrutiako egoitzako instalazinoetatik kanpo lan egiten dabena. Otxarkoagako espazioaren helburua da uriaren arte-panorama barritzailearen erreferente bihurtzea, eta kultur jarduerako lekua izatea.
Sormen artistikoa bultzatzeko espazioa izateaz gan, Otxar Open Gela hartzen dauen eraikin historikoa birgaitu eta auzoari bizitasuna emoteko bidea be bada. Bilboko Udalarentzat, eraikin berezi honi bizitza barri bat emoteko aukerea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!