Euskal Herriko bideo-jokoak jorratuko ditue V. Jokoteknian, zemendiaren 12an

Bizkaie! 2022-11-08 10:37   Kulturea

Bilboko Harrobia ikastolan da hitzordua.

Euskerearen Etxean aurkeztu dabe V. Jokoteknia (argazkia: Azkue Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkue Fundazinoak eta Game Erauntsia alkarteak bosgarren aldiz egingo dabe Jokoteknia, Bideo-jokoen Euskal Jardunaldia, zemendiaren 12an, zapatuan. Bilboko Harrobia Ikastolea izango dabe bidelagun, eta bertan egingo ditue jarduera nagusiak. Euskerea eta bideo-jokoak buztartzea zein euskal zaleen komunidadea sortzea dira jardunaldiaren helburuak.

Aurreko lau edizinoetan harrera bikaina izan dau Jokotekniak. Horregaitik, bosgarrenean be, aditu eta profesionalen egitarau indartsua atondu dabe, Euskal Herriko bideo-joko industriari begirada sakona emoteko.

Industriaren ikuspegi zabala izateko, hiru alorretatik begiratuko deutse gaiari, beste horrenbeste konbidaduri esker: Ibai Aizpurua, Game Jam-etan hezitako bideo-joko garatzailea; Anize Amestoy, bideo-jokoetarako musika eta soinu sortzailea; eta Josu Cobelo, garapen irakasle eta ikerlaria.

Bestetik, Game Erauntsia Alkarteko kideek euskerea eta bideo-jokoak buztartzeko urteotan egindako jardunaz gogoetea egingo dabe. Berbaldien ostean, mahai inguruaren ordua izango da, Digipen, Harrobia Ikastola eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integraduko ikasleen eskutik.

Goizean egingo ditue horreek guztiak, baina arratsaldean zaleentzako beste hitzordu interesgarri bat dakar Jokotekniak, euskal bideo-joko garatzaileen lana ezagutzeko topaketea, SPRI–Enpresa Digitalak babesle dala. Ibai Aizpuruak, Eneko Zubiaurrek eta Harrobia Ikastoleak bideo-joko bana aurkeztuko dabe eta euskerazko bideo-jokoak probetako aukerea be egongo da. Batez be, ume, familia eta gazteentzako egitaraua izango da arratsaldekoa.

Irakurri egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu