'Kore Peploduna'-ren erreprodukzinoa ekarri dabe Bilbora

Bizkaie! 2022-11-03 13:32   Kulturea

Akropoliko Museotik ekarria da.



Bizitzaren neurria. Un año de festivales
aldi baterako erakusketeak antxinako Atenasera eroango gaitu eta sasoi haretan denporea neurtzeko erabilitako hainbat tresna ezagutu ahal izango ditugu, berbarako, egutegia.

Hainbat lanen erreprodukzinoak ikusi ahal izango dira, besteak beste, Atenasko Tetradrakma edo Borghese jantzariak.

2022ko zemendiaren 3tik 2023ko maiatzaren 21era arte ikusi ahal izango da.

Erakusketearen aurkezpenean izan dira Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Iñaki López de Aguileta Bilboko Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Sorkunde Aiarza Museoko zuzendaria eta Itziar Martija erakusketearen komisarioa.

Erakusketea joaneko denporetara bidaia da eta erakusketako obrei esker antxinako munduko gorabeherak ezagutuko doguz, izan be, antxinako Atenasen barrena egindako ibilbidea da, garai haretako uniberso erlijiosoaren errituak, ohiturak eta tradizinoak. Denporan zeharreko bidaia horretan egutegia erabagiorra izan zan, egutegi barik urteen, hilebeteen, egunen eta urtaroen neurketa barik, Atenasen egiten ziran jaialdiek, erakusketearen elementu nagusia diranek, esangurea galduko leukie, egutegiaren barruko logikearen oinarrizko alderdi bat jaialdiak beti urteko urte-sasoi berean egitea zan. Jaialdi asko egiten ziran. Polis bakotxak bereak zituan. Batzuen izena besterik ez dogu ezagutzen. Beste batzuen kasuan, barriz, jaialdietako erritu batzuei buruzko datuak dagoz, egiturearen zati bat gorde da, badakigu nori edo nortzuk ohoratzen zituen... Askok jainkosak gurtzen zituen, beste batzuek, jainkoak. Eta tokiko heroiei edo maila txikiagoko irudi mitologikoei be eskaini jakezan. Holan, erakusketearen bitartez, Atenasko hainbat jaialditara hurreratuko dira ikusleak.

Bizitzaren neurria. Un año de festivales erakusketan Atenasko lanen 12 erreprodukzinok dagoz, besteak beste, Atenasko Tetradrakma (Akropoliko Museoan dago jatorrizkoa) edo Borghese jantzariak (jatorrizkoa II. mendekoa da eta Parisko Louvre Museoan dago).

Antxinako Atenasen erabilitako egutegia da ardatz erakusketan; egutegi aldakorra zan egunei jagokenez, ilargiaren faseek arautzen ebelako. Ilargiak zehazten zituan Atenasko mundu erlijiosoa eta hilearen hasierea, jenteak ilgorea heldu zala ikusten ebanean.

Alde horretatik, izarren jantzea be aitatzen da: Eguzkia eta ilargia sinkronizetako zikloen jarraipena egitea gatxa zan egutegia eguneroko bizitzan erabilteko orduan. Horretarako, izar finko batzuen urteroko ibilbidea aztertzen eben eta horren erregulartasunak solstizioak iragarteko kalkuluak sinplifiketan zituan, batez be udabarrikoa, hortik aurrera hasten baitziran zikloak. Izar-egutegi antzeko horri parapegma deitu jakon. Parapegmea taulatxoetan idazten zan, zutabeetan atonduta eta egun bakotxaa irudikatzeko zuloak zitua; horreetan, egunero, markatzaile bat txertatzen zan. Zulo batzuen ondoan, oharrak idazten zituen: Eguzkia Aquariusean, Zisnea ilunabarrean sartzen hasi da edo Andromeda egunsentian agertzen hasi da; holan, egunak eta izarren mobimentuak parekatzen zituen. Sistema horren helburu nagusia urtaroak zehaztea eta horreekaz lotutako klimea aurreikustea izan zan, nekazaritzarako lagungarri izateko. Halan da be, badirudi praktikan oso eragin txikia izan ebala egutegi erlijioso edo zibiletan.

Erakusketako pieza nagusia

Bilboko Berreginen Museoak Kore Peploduna lan ospetsuaren kopia bikaina eskuratu dau aldi baterako erakusketa honetarako. Pieza hori Atenasko Akropoliko Museoan sortu da eta hantxe dago jatorrizko obrea be, K.a. 530. urtekoa.

Greziar artean, dontzeila gazteen irudiek kore izena hartzen dabe. Kasu honetan, peplo gehitu jako, daroezan soinekoei erreparauta. Peploa artilezko soinekoa zan: Sorbaldetan orratzakaz lotu eta gerriko batez zarratzen zan oihalezko piezea.

Emakume gazteen holako irudiak, goitik behera jantzita dagozanak eta esku bat gorputzaren lerro bertikalari jarraituz eta bestea tolestuta eta eskaintza eginez agertzen dabenak oso ugariak dira Atenasko Akropolian. Irudi horreen identidadea misteriotsua da oraindino, baina irudi hau Artemisa jainkosearen irudikapena dala uste da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu