Santurtziko 43. Antzerki Jaialdia hasiko da gaur, eguena

Bizkaie! 2022-11-03 12:49   Kulturea

Abenduaren 3ra arte, 18 ikuskizun hartuko ditu Serantes Kultur Aretoak.

Tanttaka Teatroaren Sexberdinak antzezlanak zabalduko dau Santurtziko 43. Antzerki Jaialdia gaur, zemendiak 3. Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktore dirala, dibersidade funtzionala dabenen sexualidadea modu zintzoan jorratzen dau obreak. Publikoak oholtzatik bertatik ikusiko dau Irureta eta Garmendiaren lana.

Serantes Kultur Aretoan emongo dabe Sexberdinak, baita Antzerki Jaialdiko ganerako obrak be. Izan be, pandemia atzean itxita, betiko formatua berreskuratu dabe 43. edizino honetan, Santurtziko Udalak nabarmendu dauenez. 18 ikuskizuneko programea atondu dabe, abenduaren 3ra arte.

Lehenengo eguneko saioa euskeraz dan arren, gaztelaniaz izango dira emonaldi gehienak. Esate baterako, hilaren 4an, barikuan, interneteko jazarpenaren inguruko Redada familiar helduko da Serantes Aretora.

Lan klasikoek eta tradizinozkoek leku zabala izango dabe egitarauan. Emilia Pardo Bazánen Las Cigarreras zemendiaren 6an ikusi ahal izango dogu, Ernst Lubitschen To be or not to be 20an eta antxinako Greziatik dator Antigona, 25ean.

Familia guztiarentzat egokia izango da zemendiaren 27ko saioa. La Baldufaren La fábula de la ardilla antzezlanak FETEN Sariak irabazi ditu Produkzino eta Eszena Espazio onenaren kategorietan. Bakarrizketen arloan, Juan Diego Bottoren Una noche sin luna da nabarmentzekoa, Max Sari bi irabazi dituan obrea (abenduaren 1ean).

Euskerazko beste antzezlan bat Hondamendia izango da, Axut! eta Artedrama konpainien artean sortutakoa. 2020ko Zaldibarko zabortegiaren hondamendian oinarrituta, gizarteaz gogoetea egiteko modua emoten dau. Zemendiaren 24an izango da saioa.

Egitarau osoa eta informazino zabalagoa hemen (PDF).

Sarreren prezioak 4 eta 18 euro artekoak dira. Ganera, bonua erosi leiteke obra guztiak ikusteko (euskerazkoak eta umeentzakoa izan ezik), 120 euroan (110 euro Serantes Aretoko bazkideentzat). Sarrerak online erosteko hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu