Angela Figuera idazlea gomutauko dabe barikuan
2022-10-27 10:24 KultureaErrezitaldia eta musikea egongo dira Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean.
Ángela Figuera idazlea gogoratuko dabe barikuan, hilak 28, haren jaiotzearen 120. urteurrenagaz bat eginez. Bilbotarra zan Figuera eta han egingo dabe ekitaldia, Bidebarrieta Kulturguneko areto nagusian (19:00). Doban sartu ahal izango da.
Canciones sobre sus poemas en el 120 aniversario de su nacimiento izenburudun saioan literaturea eta musikea buztartuko ditue. Lorena Paz Nieto sopranoaren eta Albert Nieto pianistearen kontzertuaren oinarria Figueraren poemak izango dira, errezitaldi erako emonaldia izango dalako. Era horretara, idazleak itxitako ondarea eta literaturan egindako ekarpena gomutauko ditue.
Lorena Paz Nietok, Londresen bizi dan abeslari galiziarrak, Europako Lied saririk garrantzitsuenak irabazi ditu: 2019ko Abeslaria LUKAS Awards ekitaldian; Artista Gazteen Oxford Lieder Plataforma Saria eta Ludmilla Andrew Russian Song Prize Saria.
Albert Nieto, pianistea izateaz gan, pedagogoa, ikertzailea, konpositorea eta irratsaioen gidoilaria be bada. Espainiako piano eta ganbera musikearen zabalkundean nabarmendu da eta ehun obra baino gehiago estreinau ditu, esate baterako, Xavier Montsalvatgeren Recóndita armonía (Cuarteto con piano) eta Juan Hidalgo Codorniuren Aulaga 1.
Ángela Figuera Aymerich familia aberats batean jaio zan, Bilbon, eta Madrilen Filosofia eta Letrak ikasi eban. Ondoren, Huelvako institutu batean irakasle zala, 1936ko Gerra Zibilak atrapau eban. Gerraostean Soriara joan zan eta hainbat lan argitaratu zituan.
Figueraren lehenengo idazlana Mujer de barro, sensualidadez eta erotismoz beteriko olerki-bildumea, izan zan. Zentsureagaz gorabeherak izan arren, Gerrearen osteko poesiaren ikur bihurtu zan. Literaturearen bidez gai sozialak jorratzeari ekin eutsan gero, Belleza cruel eta Toco la tierra poemategietan gehienbat. Madrilen hil zan Ángela Figuera, 1984an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!