Amatasuna, sorkuntzea eta euskerea, udagoieneko Sormeneren ardatzak
2022-10-26 13:33 KultureaZemendiaren 10etik 13ra, programazino zabala Galdakaon.
Udabarrian egin eben 2022ko Sormene jaialdia, Galdakaon, baina udagoienean bueltauko zirala aginduta. Zemendiaren 10etik 13ra izango da, beraz, udagoienekoa, barriro be euskal kulturearen transmisinoa ardura nagusi dala. Oraingoan, hiru ardatzen inguruan diseinau dabe egitaraua: Amatasuna, sorkuntzea eta euskerea.
Azkenaldion ardatz horreen inguruan egin diran sormen lanak Galdakaora ekartea izan da jaialdiaren antolatzaileen asmoa. Kulturearen adierazpide ugarik egingo dabe bat, beraz, zemendiaren 10etik 13ra. Goizetan, ikasleentzako tailerrak be egongo dira.
Ikuskizun eta diskoak estreinau barri dituen sortzaileen artean dagoz Esti Markez kantaria, Neomak taldea, Nagore Muriel zinemagilea (Erro bi film laburra) eta jantzea eta bertsoa buztartzen dituan AMAraun, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagarena.
Ganera, ikasleentzako tailerretan marrazkigintzea eta jantzea landuko ditue, goiz bakotxean euskal sortzaile ezagun batek gidatuta: Eider Eibar ilustratzaileak eta Oier Araolaza jantzariak. Hilaren 10ean Euskaraldiaren alde egingo dan saio berezia Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariek gidatuko dabe eta, 12an, familia guztiarentzako ikuskizuna oholtzaratuko dau Marie de Jongh konpainiak.
Egitarau osoa hemen (PDF).
Udagoieneko Sormenek plaza bi izango ditu. Bata, fisikoa, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxea, aurrez aurreko publikoa batuko dan lekua. Bestea plaza birtuala da, streaming bidez emongo diralako ekitaldiak, mundu zabaleko jenteak programazinoaz gozau deian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!