DA! PRO sortzaile eta programatzaileen arteko topaketa profesionala Durangon

Bizkaie! 2022-10-26 11:12   Kulturea

Abenduaren 5ean izango da Durangoko Azokan.

Laugarren urtez Durangoko Azokeak DA! PRO sortzaile eta programatzaileen arteko topagune profesionala atondu dau. Aurten egitasmo hau abenduaren 5ean izango da, Azokea hasi baino egun bi lehenago, espazio bitan: Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan eta San Agustin Kulturgunean.

Gerediagako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak adierazoi dauenez, DA! PRO-ri eusteko konpromisoa dau Durangoko Azokeak, estrategikoa baita Azokarako: Orain dala lau urte hasitako bideari eutsi nahi izan deutsagu. Kulturearen plaza profesionalentzako topagunea izatea da gure helburua, etorkizunean proiektu barriak sortzea bultzatzeko. Durangoko Azokeagaz batera, proiektu honetan parte hartuko dabe BBK-k, Musika Bulegoak, Bizenta Mogel bibliotekeak eta Berbaro Alkarteak. Gaztelurrutiak eragile guztien alkarlana azpimarratu eta eskertu nahi izan dau.

Igaz bezela, arlo bi landuko ditu aurten DA! PRO egitasmoak: Musikea alde batetik eta familia ikuskizunak bestetik. Abenduaren 5ean izango dira topaketa biak, 09:00etatik aurrera: musikariak San Agustin Kulturgunean batuko dira eta familia ikuskizunak Bizenta Mogel Bibliotekan. Kasu bietan, sortzaileek programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen aurrean euren proiektua aurkezteko aukerea izango dabe, 10-15 minutuz. Holan, programatzaileek bertatik bertara sortzaileak eta euren kultur proposamenak ezagutzeko aukerea izango dabe. Aurkezpenak euskeraz izango dira.

Izena emoteko epea zabalik dago sortzaile eta profesionalentzat. Artistek zemendiaren 10era arte izango dabe epea eta programatzaileen kasuan zemendiaren 30era arte. Izena emoteko jo www.durangokoazoka.eus webgunera.

Aurkezpenez gan, aurten DA! PRO egitasmoaren barruan katalogo bat sortuko da jasotako kultur proposamenakaz (bai musikan bai familia ikuskizunetan). Katalogo hori programatzaile, teknikari eta bestelako profesionalen eskura jarriko da urte osoan zehar kontratazinoak egiteko aukerea eskainiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu