Arrazakeriaren kontrako estrategia indartu dabe Bilbon
2022-10-26 11:05 Pil-pileanUdalak eta Zas! alkarteak hitzarmena barritu dabe.
Arrazakeriaren kontrako jardueren eta zurrumurruen kontrako estrategien programea indartzeko pausua egin dabe Bilboko Udalak eta Zurrumurruen kontrako Euskal Sareak (Zas!), bien arteko hitzarmena luzatuta. Diskurso arrazistei aurre egiten dabiz erakunde biak, atzerritarren kolektiboen kontrako estereotipo eta aurreretxi faltsuak ezabatzeko.
III. Bilbo, Kulturarteko Uria Planaren barruan dago hitzarmena, eta lehentasunezko proiektua da diskriminazinoaren prebentzinoan eta sentsibilizazioan. Azken helburua gizarte inklusiboa, kohesionatua, parte-hartzailea eta kulturartekoa eregitea da, eta helburuok konpartiduten dituenen alboan egongo gara beti, adierazo dau Itziar Urtasun zinegotziak.
Hitzarmen honetako jarduerak Euskadiko erakunde publiko guztiei eta biztanleria osoari begirakoak dirala dinoe Udalak eta Zas!-ek. Eragin berezia izango dau estrategian parte hartzen daben entidadeen sarean, prestakuntza eta komunikazino ekintzak eta herritar sareetan eragiteko eta mobilizazinorako jarduerak eginez.
Erakunde bien arteko alkarlanean, III. Kulturarteko Uria planak dinoanari kasu eginez, arreta berezia eskaintzen jako diskurso xenofobo eta arrazistei, kohesinoa eta bizikidetzea narriatzen dituelako urietan. Atzerritarren kontra dagozan aurreretxi eta estereotipoak lantzeko eta bazterketearen kontra burrukatzeko erronkea be aitatzekoa da.
Gaur egun, Zurrumurruen Kontrako Estrategia Bilboko sei barrutitan dago martxan, eta 400 persona eta entidade dira eragile aktibo. Agenteok formakuntzea jasoten dabe gaiaren inguruan, arrazismoa identifikau eta horri aurre egiteko estrategiak izan deiezen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!