Pabilioi 6-ren euskera hutsezko lehenengo produkzinoa da 'Love & Money'

Bizkaie! 2022-10-25 08:27   Kulturea

Urriaren 26an, eguaztena, estreinauko dabe, Arriaga Antzokian.

Antzezlaneko bost aktoreak (argazkia: Pabilioi 6) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Pabilioi 6 aretoak produkzino barria estreinauko dau asteon, Love & Money, eta badau berezitasun bat: euskera hutsezko lehenengo produkzinoa dau Pabilioi 6k. Estreinaldia Arriaga Antzokian izango da, urriaren 26an, eguaztena, baina zemendian Pabilioi 6n bertan be ikusi ahal izango da.

Dennis Kellyren obrea euskerara egokitu dau Idoia Barrondok, antzerkigile ingelesaren berbakera gordina eta ironiaduna bertoko publikoari ekarteko asmoz. Cécile Marquette da Pabilioi 6ren bersinoaren zuzendaria.

Oholtza ganean bost aktore egongo dira, eta horretarako euskal antzerkigintzan ibilbide luzea egindako bost lagun aukeratu ditue: Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz Garcia Alonso, Miriam K. Marchante eta Aiora Sedano. Zorrek itota, bikote baten infernurako jatsierea kontetan dau istorioak, eta diruagaz obsesionautako gizartean maitasunetik zer geratzen dan galdetzen dau.

Cécile Marquette zuzendariaren ustez, bizi garen munduaren inguruko gogoetea egiteko bitartekoa da Love & Money, eta testua irakurtean gizarte honetako errealidaderik basatienetako bati buruz berba egiteko gaitasunak hunkitu ebala dino. Eguneroko bizitzako personaiak dira, euren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten artean atrapautakoak.

Dennis Kelly Londesen jaio zan 1969an eta bere belaunaldiko autorerik nabarmenenetako bat bihurtu zan laster, gizartearen gatxak oholtzara eroateko gaitasunagaitik. Oliver eta Tony sariak irabazi ditu, besteak beste. Love & Money 2006an idatzi eban.

Arriaga Antzokiko estreinaldian pase bakarra egongo da, eguaztenean 19:30ean. Sarrerak salgai dagoz, 18 euroan, antzokiaren webgunean, txarteldegian zein 94 685 08 50 telefonoan.

Pabilioi 6n, ostera, zemendiaren 4tik 27ra ikusi ahal izango da Love & Money. Sarrerak erosteko, webgunera jo behar da, edo 639 766 720 zenbakira deitu. Prezioa 17 euro da, eta gazteek eta Pabilioi 6ko bazkideek deskontuak izango ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu