Euskal Herriko Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia Errenterian eta Galdakaon

Bizkaie! 2022-10-21 13:22   Musikea

Hitzorduak zemendiaren 5ean eta 6an izango dira.

Hamar urteko etenaren ondotik, Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak atondutako Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia izango da aurten Errenterian eta Galdakaon.

Urteurren borobilak ospatzeko urtea dau Euskal Herribatu ziranetik eta era berean, 20 urte joan dira lehenengo Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia egin zanetik. Holan, ospakizun giro honetan, trikitia barriro be nazinoarteko erakusleihoan jarriko dau Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak.

Ibilbide oparoko atzerriko soinu-jotzaile bigaz batera, Euskal Herriko hiru trikitilari barritzaile gonbidatu ditue Ainhoa Urretabizkaia kazetariak aurkeztuko dituan jaialdietara.

- Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaez: 2020an Agirre izeneko diskoa sortzeko egin eben bat Eneko ataundarrak eta Fredi lazkaoarrak. Enekok gaztetatik sortutako hainbat kantugaz egin eban bakarkako lehen disko hau; bere ibilbidean ibilitako taldeetan jotakoak dira batzuk eta lehenengoz argitaratuak
besteak, danak be Frediren Rhodes pianoagaz jantziak. Zuzenekoetan, barriz, disko honetako kantuez gan, blues edota jazz estiloetako kantuakaz be olgetan dabe. Eneko Dorronsoro ibilbide luzeko musikari bikaina da, hainbat taldetan ibilitakoa.

- Damien Mullane: Damien Mullanek edozein musikari beteranok ainako curriculum zabala dauka bere ibilbide laburrean. Abangoardiako estiloko jotzaile birtuoso lez aurkeztu izan dabe. Irlandan barrena soinu handiagaz nahiz melodeoiagaz hainbat sari irabazitakoa da eta Frankie Gavin’s band De Dannan taldean hasi eban bere ibilbidea. Munduan zehar bere musika ezagutarazoten ibilia da, baita jente ospetsu ugariren aurrean jotakoa be. Ronnie Wood-egaz (RollingStones) edo Sting-ekin (Police) kolaborau izan dau. 13 izeneko bere lehen diskoa argitaratu barria dau beste hainbat musikariren laguntzeagaz. Jaialdi honetan bakarka joko dau.

- Eneritz Furyak: Kasernarat taldean ekin eutson ibilbideari, harik eta 2017an bakarkako lehen diskoa argitaratzeko saltoa egin eban arte. Ordutik, auto-produkzinoko hiru disko argitaratu ditu, azkena, 2021ean, gaur-gaurkoak diran eraginez jositako post folk estiloko hamar kantuz osotua. Berba abstraktuak erabilten ditu kantuetan. Bakarkako lanotan gitarreagaz ikusi izan dogun arren, jaialdira, jentaurrean lehen aldiz eta primizian, soinu txikia soinean hartuta etorriko jaku.

- Liv Hallum eta Ivan Caro: Liv Hallum soinujole kataluniarra ibilbide oparoko musikari eta irakaslea da. Magari edo Orquestrina Trama izeneko taldeakaz ezagunagoa dan arren, kataluniar herri musikako haizezko tresnen jotzaile bikaina dan Ivan Carok lagunduta jatorku. Pirinioetako herrietako plazetan joten zan jantzarako musikan inspirauta, bikote honek sustrai tradizionaleko gaiak eta berezko konposizinoak ekarriko deuskuz: Pasodobleak, mazurkak, txotisak, cercleak, rondeuak, xampanyak... Liv-en kataluniar soinu diatonikoagaz batera, Ivanen gralla, okarina eta flaviola entzuteko aukerea izango dogu.

- Süne eta Huizi: Josune Arakistain Huntza taldeko soinujole legez eta hainbat trikitixa txapelketako irabazle moduan ezagunagoa dan arren, azken urtean Süne izeneko proiektuagaz be buru-belarri dabil. Proiektu honetan Rikki DJ mutrikuarrak laguntzen badau be, Nazinoarteko Trikitixa Jaialdian Aitor Huizi biolinistea izango dau oholtzan alboan. Josuneren bakarkako bide honetan, Süne primizian jatorku zuzeneko berezi bategaz. Soinu txikia elektronikeagaz buztartuz, aire barritzaileak entzuteko aukerea izango dogu.

Jaialdia

- Zemendiak 5, 18:30ean, Errenteriako Niessen Kulturgunean. Sarrerak hemen.

- Zemendiak 6,, 17:30ean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak hemen.

Sarrerak urriaren 24tik aurrera salgai egongo dira.:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu