Bost egunean 47 talde Ahotseneako 'maratoian'
2022-10-20 12:42 MusikeaAbenduaren 7tik 11ra, Durangoko Azokearen barruan.
Ahotseneak, Durangoko Azokearen barruko sortzaileen topalekuak, 15 urte beteko ditu aurten eta zenbaki biribil hori aprobetxauta, bost eguneko musika-maratoia atondu dabe bertako arduradunek. Abenduaren 7tik 11ra, goiz eta arratsalde (11:00-22:00), ia parau barik izango doguz kontzertu laburrak Ahotseneako oholtzan.
Danetara, Euskal Herriko 47 talde eta bakarlarik aurkeztuko ditue euren lan barriak aurtengo Ahotsenean. Hortaz, zaleek nobedadeak ezagutu eta musikariak bertatik bertara ikusi ahal izango ditue.
Durangoko Plateruenan egingo ditue Ahotseneako kontzertuak. Sartzea doban izango da eta ez da aurretik izena emon beharko. Ganera, pandemiagaitik aurreko edizinoetan egon diran mugak desagertuko dira, ez da aforo murrizturik izango. Streaming bidez be emongo ditue saioak, zuzenean.
Egitarauan gustu guztietarako proposamenak egongo dirala aurreratu dabe Ahotseneakoek. Goxua N'Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera, Mirua... Talde hasibarriei leku zabala emongo deutse, baina ibilbide luzekoak be ez dira faltako: Delirium Tremens, Willis Drummond eta Kokein, besteak beste.
Rock eta pop doinuen barruan, Ahotsenean izango dira Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Saia Goait, Ezpalak, Pasadena, Assata, Asla, Kyxo, Rukula, Rodeo, Dukkha, Fufu, Mice, Txost!, Orbel, Burutik, Kristonak eta Mairu. Pop elektronikoan, Merina Gris eta Lumi. Bengok eta Odeik hip-hopa eroango dabe oholtza ganera; Bolbora eta Sutan taldeek, barriz, ska-reggaea. Mugan (folk) eta Arima Soul (jazz-soul) dira beste batzuk.
Taldeez gan, bakarlariek be Ahotseneak emondako aukerea aprobetxauko dabe euren lan barriak erakusteko. Egitarauan dagoz Olaia Inziarte, Ilargi, Peru Galbete, Esti Markez eta Watson. Ines Osinagak proiektu barria aurkeztuko dau eta Bilaka kolektiboak jantzea eta musikea buztartuko ditu.
Gogoan izan behar da, musikarienaz gan, literaturgileen txokoa be badala Ahotsenea. Bartolome Ertzilla eskolako egoitzan, euren liburu, poesia-bilduma, komiki eta abarrak aurkeztuko ditue bost egunez, baina zemendian argitaratuko dabe atal horretako egitaraua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!