Patxi Zubizarretak irabazi dau XXII. Augustin Zubikarai Bekea

Bizkaie! 2022-10-20 08:29   Kulturea

Gau otsoa nobelea idazteko proiektua aurkeztu dau.

Patxi Zubizarreta | Ikusi handiago | Argazki originala

Nobelak idazteko XXII. Augustin Zubikarai Sariaren irabazlea Patxi Zubizarreta dala emon dau jakitera Ondarroako Udalak. Hortaz, 6.000 euro emongo deutsez idazleari proiektua nobela bihurtu deian, eta Elkar argitaletxeak plazaratuko dau gero. Saria emoteko ekitaldi ofiziala urriaren 27an egingo dabe, Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdiaren barruan.

Gau otsoa da Patxi Zubizarretaren proiektuaren izenburua, eta insomnioaren inguruko obrea izango da, gizartean guztiz zabaldutako gatxa izateaz gan, gizartearen gatxen sintoma be badalako. Adela izango da protagonistea, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportajea egiten dabilela, hainbat personaia, sare eta abarretan kateatuko da.

Begirada zorrotz baizen originala geure buruari eta munduari, idazlera gozo eta aberatsean emona, umorez eta kultur erreferentziaz josia, azpimarratu dau epaimahaiak. Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkiza izan dira edizino honetako epaimahaikideak.

Patxi Zubizarreta 1964an jaio zan, Ordizian, eta Gasteizen bizi da. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idaztetik bizi da gehienbat. Helduentzako zein ume eta gazteentzako literaturea landu dau, eta  sari ugari irabazi. Besteak beste, ume eta gazte literaturako Euskadi Saria lau aldiz. Itzulpenak, ikus-entzunezkoak eta errezitaldiak be egin izan ditu.

Augustin Zubikarai Saria nobela laburren lehiaketea izan zan lehenengo bederatzi edizinoetan. 2010etik, ostera, nobelak sortzeko bekea da. Igazko edizinoa Mikel Alvarez Sarriegik irabazi eban eta aurtengo Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko dau sariari esker idatzi dauen nobelea, Euskalia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu