Urriaren 27tik zemendiaren 1era, Literatur Amuak Ondarroan

Bizkaie! 2022-10-18 08:43   Kulturea

Errezitaldiak, kontzertuak, txotxongiloak eta lehiaketak dagoz egitarauan, besteak beste.

Ondarroa letren eta berben lurraldea izango da urriaren 27tik zemendiaren 1era, Literatur Amuak jaialdiaren 2022ko edizinoari esker. Betiko lez, danetariko jardueraz betetako egitaraua dakarre, literaturea zentzun zabalean ulertuta eta euskal kulturearen askotariko adierazpideak herrira eroateko. Sormena, ikuskizuna eta olgetea izango dira ardatzak, Ondarroako Udalaren arabera.

Ohikoa dan lez, Nanoipuin lehiaketeak eta Augustin Zubikarai Bekeak zabalduko dabe Literatur Amuak. Igazko bekea Mikel Alvarez Sarriegik irabazi eban, eta hari esker idatzi dau Euskalia, nobela baltzaren eta umorearen ikutuak dituan kontakizuna. Ondarroan aurkeztuko dau lan barria.

Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna Beikozinan egingo dabe, baita Anita Maravillasen Kotondarrak txotxongilo-ikuskizuna be. Saio biotarako sarrerak erostea ezinbestekoa izango da: urriaren 21ean hasiko dira saltzen, Jon Maiarenak 10 euroan eta Anita Maravillasenak euro bian.

Herriko sortzaileei tarte zabala egingo deutse 2022ko edizinoan. Euskadi Literatura Saria irabazi barri dauen Leire Bilbaok Etxeko urak errezitaldia egingo dau Kofradia Zaharrean, urriaren 29an. Amatasunari buruzko liburu bat bainoago, amatasunetik idatzitako liburu bat da saioaren ardatza, idazleak berak azaldu dauenez.

Urriaren 30a, domekea, bertso saio feministeagaz hasiko da. Arratsaldean, Josu Arrizabalagak lehengo andra eta gizonen pasarte xelebreak kontauko ditu Kofradia Zaharrean, gehienak arrantza mundukoak.

Bestetik, urriaren 20tik zemendiaren 10era, Liburuen arbola erakusketea ikusi ahal izango da Kofradia Zaharrean. Liburuen garrantzia azpimarratzen da bertan, euskal literaturea eta produkzino editoriala herritarrei hurreratzeaz gan.

Oharra: Karteleko egitarauan aldaketatxu bat dago: txotxongiloak 18:00etan hasiko dira, ez 17:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu