Serieslandek estreinaldi gaua izango dau gaur, Bilboko Bilborock Aretoan
2022-10-18 08:30 KultureaEne, zelako gaua! eta Sorgina lanen estreinaldiak aurreikusi ditue.
Seriesland Bilboko Nazinoarteko Websailen Jaialdian estreinaldien gaua izango da gaur eta BilboRocken izango dira protagonistak, parte hartuko daben Websailen barri. Bertaratzen diran ikus-entzule guztiek, era berean, Bocabeats euskal umorista-bikotearen saio bat ikusiko dabe.
Proiekzinoak 18:30ean hasiko dira eta lau estreinaldi izango dira. Sarrerak doban eta libre izango dira, harik eta plaza guztiak agortu arte. Holan, Gastón Haag zuzendari uruguaitarrak Superjodidos lana aurkeztuko dau: Superheroien generoko parodia bat da eta euskal aktoreak ditu protagonista, besteak beste, Usue Álvarez, Aia Kruse, Lander Otaola, Ylenia Baglietto eta Andoni Agirregomezkorta. Zuzendari uruguaitarrak egina da, era berean, filmaren gidoia be eta mundu gatazkatsu eta aldrebestu bat irudikatzen dau: superbotereak dituan personaia bihurtzea da biderik zuzenena ostrazismo sozialetik urtetako.
Estreinaldien galan, Her name is nobody lanaren trailerra be emongo da: Euskadiren eta Alemaniaren arteko koprodukzinoa da eta Hesse estaduan hasi dira filmetan mendekua jorratzen dauen thriller bat da eta emakumeen salerosketearen azpimunduan dago girotuta. Film horretan parte hartzen dabe A Film to Kill for euskal produkzino-etxeak eta Dobago Films alemaniarrak, eta Hessen Film und Medien agentziaren finantziazinoa eskuratu dabe. Trailerra emon ondoren, proiektu handinahi horren zehetasun guztiak ezagutu ahal izango dira, izan be, zuzenean izango dira Csongor Dobrotka produktorea, Dascha Solovieva aktorea, Eva De Mai jantzien diseinatzailea zein Anne Failing produktorea. Eta, Euskadiren aldetik, berriz, Rose of Dolls aktorea eta produktorea.
Beste estreinaldi biak be euskal websailenak izango dira: Ene, zelako gaua! eta Sorgina. Lehenengoa Hitchcocken suspense-ikutua dauen komedia, mozorro-jai dibertigarri batean girotua eta personaia zoroak dituana, izozkailuan ezkutautako hilotzitu eta guzti! Websailak 10 atal ditu, zortzina minutukoak eta plano sekuentzia bakarrean dago grabauta horreetako bakotxa. Iñaki Torralbo eta Iker Zarate aktore protagonistek aurkeztuko ditue hari buruzko zehetasun guztiak.
Sorgina, barriz, formatu bertikalean eskuko telefonoagaz grabautako produkzinoa da, bildurra eta suspensea buztartzen dituan ipuin bat, genero horretako zenbait klasikoren bidetik, besteak beste, El proyecto de la Bruja de Blair edo REC—. Danetara 10 atal ditu, 5-7 minutukoak eta kontakizun ikaragarria sorginkeriari buruzko dokumental bat egiteko prozesuari buruz. Sofía Zallio dau protagonista.
Estreinaldiez gan, Bocabeats umorista-bikotearen saio bat be izango da. YouTubeko kanal arrakastatsuari esker egin dira ezagunak eta euren esketxak biral egin dira: miloe bat ikustaldi baino gehiago izan ditue hainbat titulugaz, besteak beste, Los villancicos euskaldunes, Tecno Vasco eta Reggae Vasco. Iván Pérez eta Aitor Vidaurreta ezagun bihurtu dira beatbox erritmoan grabautako bakarrizketakaitik: Teknika horrek ahotsa eta gorputza erabilten ditu erritmo-oinarriak eta moldaketak sortzeko. Adituek adierazi dabe oso indartsu datorren euskal komedia egiten dabela.
Aurreko jardunaldian bezela, emanaldien programa amaitzen denean Kabaret aretoan jarraituko dau jarduereak (Barrenkale Barrena) beste networking saio bat egiteko. Saio horreen helburua da jaialdira
joaten diran websailen sorkuntza, produkzino eta banaketa-lanen arduradunak hartu-emonetan ipintea.
Seriesland Jaialdiak honako erakunde honeen babesa dau: Beaz (Bizkaiko Foru Aldundia) eta Bilbao Ekintza, Laboral Kutxa, Zineuskadi, EIKEN, Ikey Group Comunicación, SeekaTV websailen produkzino eta Ipar Amerikako banaketa-etxe independentea, Acción Cultural Española, Eusko Trenbide Sarea, Euskotren eta Cervezas Oro.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!