Zinebik 147 film aurkeztuko ditu zemendiaren 11tik 18ra

Bizkaie! 2022-10-17 12:57   Zinemea

Albert Serrari eta Iñigo Salaberriari Ohorezko Mikeldi bana emongo deutse.

Bingen Zupiria, Gonzalo Olabarria eta Vanesa Fernandez Guerra (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten 64. edizinoa beteko dau Zinebik, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiak. Indartsu dator, igaz baino film gehiago dakarzalako Sail Ofizialean eta ganerako ataletan: 147 (igaz baino 24 gehiago). 

Zemendiaren 11tik 18ra egingo dabe 64. Zinebi, baina aurkezpen ofiziala gaur izan da, Bilboko udaletxean. Han izan da Vanesa Fernandez Guerra jaialdiko zuzendaria eta, beragaz batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Bilboko Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarria.

Festibalean ikusi ahal izango diran 147 pelikulak mundu guztiko 47 herrialdetatik datoz. Zuzendarien erdiak baino gehiago emakumezkoak dirala azpimarratu dabe udaletxean egindako agerraldian. Kontuan izan behar da 3.400 hautagai ingururen artean aukeratu behar izan dabela Zinebiko arduradunek.

Euskal zinemagileen zazpi film dagoz Sail Ofizialean: Alas/Tierra (Maddi Barber); O banho (Maria Inês Gonçalves); Gran Hotel Nazareno (Txuspo Poyo); Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara García); Hitzak (Josu Martinez); Hondarrak (Marta Gómez eta Paula Iglesias); eta Wild Flowers (Divlje Cvijec, Karla Crncevic). Hilaren 11ko galan proiektauko ditue horreek guztiak.

Ohiko moduan, zati nagusi bitan banatuko dabe Zinebiko programazinoa: Sail Ofiziala eta beste kategoriak. Nazinoarteko lehiaketan 57 lan lehiatuko dira. Nazinoartean ibilbidea egiten dabizan dokumental luzeak ikusteko atala izango da Beautiful Docs eta euskal produkzinoen tartea izango da Bertoko Begiradak. Gorago aitatutako zazpi pelikulez gan, lau film luze eta 16 labur dakarz bertoko sortzaileen atalak.

Besteak beste, Izaro Andres abeslariak estreinauko dau dokumentala Zinebin, Limoiari eztia izenekoa. Donostian emon eban kontzertu handiaren prestakuntzen barri emoten dau bertan.

2021ean Zinebi Networking Saria irabazi eban lana be erakutsiko dabe aurten. Maria Elorzaren A los libros y las mujeres canto da, eta Donostiako Zinemaldian estreinau barri dator Bilbora. 2022an, sari bi emongo ditue proiektuentzako atal horretan: Euskal Film Luze Dokumentalaren Proiektu Onenaren Saria eta Espainiako Proiektu Onenari Saria, biak 10.000 eurokoak.

Bilboko areto ugaritan gozau ahal izango da 64. Zinebiren programazinoaz. Arriaga Antzokian, Golem zinema-aretoetan, Azkuna Zentroko Auditorioan, Arte Eder Museoan, Guggenheimen, Bilborocken eta BBK Aretoan egingo ditue saioak.

Sarrerak urriaren 26tik erosi ahal izango dira, Azkuna Zentroko eta Golemeko emonaldietarako. Saio baterako sarrerea 4,50 euroan salduko dabe, eta hamar saioko bonoa 35ean. Lanbako, erretiratu eta gazteentzako deskontuak egongo dira.

Egunez eguneko programazinoa hemen.

Ohorezko Mikeldiak

2022ko edizinoan hiru Ohorezko Mikeldi emongo ditu Zinebik. Lehenengoa Agnieszka Holland poloniarrari emongo deutsela aurreratu eben orain dala egun batzuk. Beste omendu biak Albert Serra eta Iñigo Salaberria izango dira.

Gaur egungo zinemagintzearen ezinbesteko erreferentea da Serra, Zinebiko arduradunek azpimarratu dabenez. Autore-zinemearen defensan egin dauen lana txalotu dabe, eta irudi ahaztezinez betetako obrea eregiten jakin dauela ganeratu.

Iñigo Salaberria zinemagile gipuzkoarra, ostera, oraintsu hil da, eta Zinebik omenaldia egin nahi deutso, jaialdian haren obrak sarritan erakutsi zituelako. Sorkuntza-independentziaren defendatzaile sutsua izan zan eta bideoartearen tradizinoaren barruko ikus-entzunezkoak ulertzeko moduari leial izan jakon beti, 1980ko hamarkadan Parisen hasi zanetik pasa dan hamarkadako azken urteetara arte, dinoe Zinebikoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu