Agnieszka Holland poloniarrarentzat da Ohorezko Mikeldi Saria

Bizkaie! 2022-10-06 11:16   Zinemea

64. Zinebi Jaialdiaren inaugurazino galan emongo deutse saria.

Agnieszka Holland | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiaren, Zinebiren, 64. edizinoaren Ohorezko Mikeldietako bat Agnieszka Holland zuzendari poloniarrari emongo deutsela iragarri dau Bilboko Udalak. Bere herrialdean eta Europa guztian aldaketa sozial eta politiko askoren lekuko, norbanakoen askatasunaren alde Hollandek beti agertu dauen konpromisoa txalotu dau Zinebik.

Jatorri judu eta katolikoko intelektualen familia batean jaioa, komunismoaren sasoiko Polonian hasi zan Holland zinemagintzan eta, ondoren, Txekian eta Estadu Batuetan egin dau lan, baita gaur egungo Polonian be. Haren obrea oparoa, aberatsa eta hetereogeneoa dala dinoe Zinebiko arduradunek.

Pragan ikasi eban zinemagintzea, eta hango 1968ko grebetan hartu eban parte. Gaztetan, Poloniako telebista publikoko ikus-entzunezkoetan zuzendari eta Krzysztof Zanussi zinemagile ospetsuaren laguntzaile ibili zan. 1970eko hamarkadearen amaieran eta hurrengoaren hasieran, Ezinegonaren Zinemea mobimenduaren bultzatzaile izan zan.

Sasoi haretakoak dira Hollanden lan nagusietako bi, Aktorzy prowincjonalni (1978), Cannesen saritua,  eta Kobieta samotna (1981). Erbestera joan behar izan eban gero, baina ez eutsan zinemea egiteari itxi. Poloniatik kanpo zuzendu eban Oscar Saria irabazteko hautagai izandako Bittere Ernte, 1985ean, baita To Kill a Priest (1988), Europa, Europa (1990), Olivier, Olivier (1992) eta Total Eclipse (1995) be.

Estadu Batuetako produkzino handietan sartzeko modua emon eutsan ibilbide oparo horrek (The Third Miracle eta Copying Beethoven, besteak beste). Telesail ezagunetako kapituluak be zuzendu ditu, adibidez, The Wire eta House of Cards. Gaur egun, Europako Zinemearen Akademiako lehendakaria da Holland.

Zinebiren inaugurazino galan, zemendiaren 11n, emongo deutse Ohorezko Mikeldi Saria. Arriaga Antzokian izango da ekitaldia. Ganera, publikoaren eta zinemagile poloniarraren arteko topaketea antolatuko dau Zinebik eta Kobieta samotna filma proiektauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu