Emakumeak nagusi VIII. Seriesland Jaialdian
2022-10-13 13:53 KultureaJarduera-programea urriaren 14tik 22ra izango da.
Seriesland Bilboko Nazinoarteko Websailen Jaialdiak zortzigarren edizinoa izango dau arten eta zortzigarren urtez atondu dau jarraian Internet bidez banatzeko sortutako ikus-entzunezko produktuen hitzordua. Aurtengo edizinoaren bereizgarri izango dira, alde batetik, emakumeek zuzendaritzan gero eta protagonismo handiagoa izatea eta, bestetik, ikus-entzunezko sorkuntzan metabertsoa eta errealidade birtuala apliketako sortzen diran aukerak. Ukrainako gerreak be izango dau lekua lehiaketan, izan be, Valeria Shashenok izango da gonbidatu berezietako bat, gaur egun Italian errefuxiauta dagoan 20 urteko tiktokerra. Umore baltz nabarmenez dokumentau eban aireko erasoetatik babesteko gune batean emondako 17 eguneko itxialdia eta bideoren bategaz 50 miloe klik baino gehiago lortu zituan.
Jarduera-programea urriaren 14tik 22ra izango da eta 14an hasiko da Uribitarteko Bilbao Barrikuntza Faktoriaren egoitzan, sormen-enpresei eta ikus entzunezkoen sektoreari eta sektore digitalari zuzendutako jardunaldi profesionala. Lehiaketara doazen tituluen proiekzinoa eta jarduera gehienak datorren astean zehar izango dira, BilboRockeko egoitza nagusian zein uriko beste leku batzuetan, berbarako, Guggenheim Museoan, izan be, azken horretan egingo dira amaierako galea eta sari-banaketea.
Zazpi urteko ibilbidean, Seriesland websailen erreferentziako jaialdi bihurtu da mundu zabalean eta, ondorioz, Bilbo sektorearen topagune bihurtzen da. Bizkaiko uriburuak ikus-entzunezkoen arlo horretako sorkuntza, produkzino eta banaketako profesionalak batzen ditu urtero eta, aldi berean, dobako jarduera sorta zabala eskaintzen dau publikoarentzat: proiekzinoak, berbaldiak, mahai-inguruak, galak eta kaleko jarduerak.
Danetara, 85 websail aukeratu dira jaialdiaren atal batzuetan eta besteetan, baina aurtengo edizinoaren berezitasuna da horreetatik ia % 50 emakumeek sortuak, zuzenduak edo produzidutakoak dirala eta beste ikus-entzunezko jaialdi batzuetan ez da holakorik izaten, kontuan izanik oraindino konpondu bako arazoa dala zinemagintzan zein telebistagintzan.
Jaialdiaren sail ofizialean lehiatuko da Daniel|a|, nazioarteko punta-puntako beste hogeita bederatzi websailen ondoan eta bera izango da euskal ordezkari bakarra sail horretan. Sari nagusirako hautagai izateaz gan, beste lau izendapen eskuratu ditu: dramarik onena, zuzendaririk onena (Nora Alberdi), taldeko emakumezko aktorerik onena (Irati Agirreazkuenaga) eta taldeko gizonezko aktorerik onena (Gabriel Ocina). Era berean, lekuan lekuko produkzinoen sailean be lehiatuko da, berton egindako gaztelaniazko beste websail bigaz batera.
Urriaren 17an eskainiko dabe Daniel|a| websaila Bilborock aretoan bertoko lanakaz egingo dan ekitaldian. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta websaila ikusi ondoren, Irati Agirreazkuenaga aktore eta produktoreak lanaren inguruko zehetasunei buruz egingo dau berba.
Seriesland jaialdiak emakumeen parte-hartze handia izan dau beti eta datu lez bainoa ez bada be, ikuspegi feministea ardatz hartuta hausnartuko dauen berbaldi bat izango da aurtengo lehen jardueretako bat: (H)emen alkarteak eskainiko dau berbaldi hori. Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeen Alkartea 2016an sortu zan eta haren helburua da emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzea ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!