'Orain arte esan ez ditugun guztien bildumea da 'Esan gabekoak''

Bizkaie! 2022-10-13 13:15   Musikea

Porrota garaipenik jatorrena da.

Bilbon aurkeztu dabe lan barria (argazkia: Baga-Biga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Guda Dantza talde bizkaitarrak aurten 10 urte bete ditu agertokietan. Ska-rock erritmoetan dabiz gustora eta giro horretan hiru disko kaleratu ostean, zeozer barria dakarre orain.

Asko izan dira azken urteotan esan ez ditugunak. Ez dakigu zelan heldu ginan puntu honetara, baina 2019 inguruan jaubetu ginan gure ibilbideko momentu batzuetan ez garela erabat zintzoak izan. Bueno, akaso ez da komenidu hain dramatiko erakustea geure burua, baina egia da batzuetan, beharbada lotseagaitik, gauza asko bazterrean itxi ditugula. Holan hasi ginan lan honen proiektuari bueltak emoten.

Esan gabekoak izenburukoa orain arte esan ez ditugun guztien bildumea da, sekula izango ez ditugun alkarrizketak kantuetan gordeak. Persona bati zeozer esan nahi zeuntsanean CD edo cassette baten kantu zerrenda bat grabetan zenduan legez. Kasu honetan, gure kontzeptua hori da, baina kontua da hau ez dala disko bat.

Esan gabeko lehen gauzea: Gure kasuan, disko (CD) fisikoak indarra galdu dau, musikazale erromantikoak garen neurrian, euskarri fisikoaren enkantua onartzen dogun arren. Idea honen haritik tiraka, CD baten formako lan fisiko bat argitaratu dogu, baina ez da disko bat. Euskarri honen bitartez, kantu bakotxak QR kode bat eskaintzen dau. QR kode bakotxagaz kantuaren inguruko dokumental labur bat topau daiteke, eduki esklusiboagaz: Estudio edo lokaleko irudiak, prozesu osoaren erakusketea, taldekideei alkarrizketak... Honekin inoiz esaten ez dogun edo erakusten ez dogun guztia azaleratzeko prest gagoz.

Guda Dantzako kideak dira Iker Maguregi (bateria); Ander Basañez (saxofonistea); Jon Basañez (tronpetistea); Jon Maguregi (gitarristeaa); Eneko Ajangiz (baxua); eta Alain Beraza (abeslaria).

Guda Dantza taldearen abesti barriak

Pizten Doa

Abestia 2019an sortu zan. Lehen maketa baxu-jotzaile dan Enekoren logelan sortu zan, goizeko ordubietan, pizza bat jaten genduan bitartean. Pizza oso bigun gelditu zan, mikrouhin-labean berotu gendualako, baina kantua ez jakun horren gaizki atara. Abestian funk, disco eta pop musikea jorratu doguz eta lan honen lehen adreilua izan zan.

Nekaturik

2020ko martian sortu eben taldekideek eta 2022ko zezeilean amaitu. Zazpi goiburu izan ditu. Hainbeste bueltaren ostean, gure kutunenetakoa dala esan geinke. Letrak lorik bako gau batean sortzen diran drama merkak jorratzen doguz, umore kutsua tarteko dala.

Hiroshima

Batzuetan momento goxoa bizi dozu baina laster guztia pikutara joango dala pentsetan dozu, gauza arraroa da. Kantuaren berbek horixe islatzen dabe. Produkzxinoan, Fleetwood Mac taldearen soft-rock bateria erritmoak erreferentzia moduan hartu genduzan baina ez dakigu azkenean arlo horretan ibili bagara; sikeran, hasierako intentzinoa hor dago.

Zazpi Bala

Aurreko kantuetan drama lar egoanez, giroa arintzeko beharra sentidu genduen. Ez genduan kantua zorabiatu eta kantu freskoa dala pentsetan dogu. Story-tellin´ bat da, baxu indartsuakaz eregitako funk soinu banda batek landuta. Bertan, Lide Hernandoren kolaborazinoa izan dogu eta pozarren gagoz.

Nora Noa?

B aldeak arakatzen ditu, askotan ikusten ez diranak: Goizalean egindakoak, errepide zaharkituetan gidatzen zein eszenatoki batera igoteak dakarzan zalantzak... Ez dakigu non entzun dogun, baina porrota garaipenik jatorrena da. Kantua esaldi honegaz laburbatu geinke.

Fitxa teknikoa

Produkzinoa: Urtzi Iza, Guda Dantza, Eneko Ajangiz.

Grabazinoa, nahasketea, masterizazinoa: Eten Espazio Sonoro.

Diseinu fisikoa: Lubaki Grafik Faktori.

Mock-up diseinua: Alba Murias.

Ikus-entzunekoak: Zerikusi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu