Luisa Carnés-en ipuinak, euskeraz

Bizkaie! 2022-10-13 11:37   Kulturea

Danele Sarriugartek egin dau itzulpena.

Danele Sarriugarte eta Uxue Razkin (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte ezin izan dogu Luisa Carnés espainiarraren obrea euskeraz irakurri, baina Erein argitaletxeak eta Danele Sarriugarte itzultzaileak hutsune hori bete dabe. 1931 eta 1963. urteen artean idatzitako 13 narrazino euskeratu ditu Sarriugartek, eta Hamahiru ipuin liburuan argitaratu.

Irakurleen artean Espainiako 27ko belaunaldia ezagun-ezaguna dan arren, Luisa Carnés ez da mobimendu horretako autorerik ospetsuena, obra zabala eta oparoa dauen arren. Nobelak idatzi zituan eta baita ipuinak be. Ereinek eta Sarriugartek ipuinen alde egin dabe idazlea euskerara ekarteko lehenengo ahalegin honetan.

Izan be, Uxue Razkin editoreak azpimarratu dauenez, danetariko gaiak eta egoerak agertu zituan Carnések narrazinoetan. 1931tik 1963ra idatzitakoak izanik, idazlearen beraren esperientziak be desbardinak izan ziran testua sortzeko momentuan: Errepublikearen sasoian hasi, Gerra Zibila gero, eta azkenik, erbestea ezagutu zituan.

Bikote gazteak, emakume errepublikazale presoak, segregazinoaren urteetako Estadu Batuak... irakurleak danetarikoak topauko ditu liburuan, Carnésen begiradatik eta idazteko trebetasunetik kontauta. Deskribapenak egiten abila eta kontalari bikaina dala dino Razkinek.

Ipuinak gogorrak eta hunkigarriak dira eta emakumeak istorioaren erdigunean dagoz beti, ganeratu dau Ereineko editoreak. Indartsu eta seguruak, otzanak eta lotsatiak, besteren umea eurentzat  hartzeko gai diran ama ausartak, biktima isilak zein duin eta menderaezinak, askotariko emakumeak erakusten deuskuz Carnések.

Uxue Razkinek gaztelaniaz irakurri zituan Carnésen ipuinak, eta euskerara itzuli beharreko autorea zala pentsau eban. Sarriugartek aurretik irakurri barik eukan autore espainiarra, Ereinen enkargua heldu jakonean. Azkenean, baina, guztiz bat egin dabe idazleak eta itzultzaileak. Uxue Alberdiren laguntzinoa, aholkuak eta zuzenketak be eskertu ditu Sarriugartek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu