Metrokoadrokaren lan barriak zabalduko dau XXIV. BAD

Bizkaie! 2022-10-13 08:43   Kulturea

Urriaren 23ra arte, Bilboko areto ugaritan egingo dabe jaialdia.

Metrokoadroka Sormen Laborategiaren 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko konpainien eta kanpokoen arteko orekea da XXIV. BAD Bilbo Antzerkia eta Dantza jaialdiaren egitarauaren ezaugarrietako bat. Lehenengo egunean, baina, euskal produkzino baten alde egin dabe antolatzaileek: La Fundición Aretoan Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanaren aurrestreinaldiaz gozau ahal izango da, gaur, eguena (19:00).

Euskerazko antzerki performatiboa da, Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzendua. Aktoreak Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran dira. Etxe berean bizi diran hiru lagunen istorioa da Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Hiruren arteko hartu-emonak, familiari loturiko galderak, kontraesanak eta umorea agertuz doaz sitcom-aren eta poesia bisualaren arteko antzezlan horretan.

La Fundicionera ez eze, Bilboko beste areto batzuetara be helduko da BAD, urriaren 23ra arte, Harrobia Aretora eta Campos Antzokira gehienbat. Hogei obra inguru dagoz programauta, horreetatik sei erabateko estreinaldiak. Izan be, bertoko konpainiei egitasmo barriak aurkezteko espazioak emoteko ahalegina egiten dau urtero jaialdiak.

Era horretara, Mollis konpainiak La fragilidad de mi pene estreinauko dau hilaren 14an eta Tripak Kolektiboak Platea, 15ean. Datorren astean be erabateko estreinaldi gehiago datoz: Denis Martinezen 365, Vulnera Compañíaren Lo que no se ve, Itziar Maneroren Memoria eta Ertzaren Otempodiz. Azken hau Mozanbikeko sortzaileakaz egindako koprodukzinoa da.

Nazinoarteko lankidetzak dira, ganera, Utopisistas konpainiaren I'll be back (Suitza, Suedia, Italia eta Euskal Herria) eta Sleepwalk Collective euskal konpainiak eta Britainia Handiko Christopher Brett Bailek dakarrena.

BADen amaierako saioa Harrobia Aretoan izango da, urriaren 23an (19:00). Aves Migratoria de Madrid konpainiaren El Águila antzerki dokumentala eta jantzea buztartzen dituan pieza barezia da.

Irakurri egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu