Guggenheimera doban sartzeko gonbidapenak urriaren 13tik eskatu ahal izango dira

Bizkaie! 2022-10-11 12:22   Kulturea

EAEko biztanle guztientzako ekimena da.

Juan Ignacio Vidarte eta Xabier Sagredo (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren 25. urteurrenaren ospakizunen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako herritarrek doban bisitau ahal izango ditue museoko aretoak, urriaren 25etik abenduaren 2ra. Aurretik erreserbea egin behar da, bakotxari egun eta ordu bat emon behar jakolako, eta eguenean, urriak 13, hasiko da eskabideak egiteko epea.

BBK Fundazinoagaz batera martxan jarritako ekimenaren izena Denontzako BBKartea da, Bilboko eta inguruko herritar guzti-guztiek arteaz gozau ahal izatea eta urteurrenagaz bat egitea dalako helburua. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleei esker ona helarazo nahi deutse museoko arduradunek, babesagaitik eta gizartean zuztartzen lagundu izanagaitik, horixe izan dalako erakundearen arrakastearen kakoa.

Museoan doban sartu ahal izango dan egunetan jentetzea espero dabenez, gonbidapenak egunaren eta orduaren arabera banatuko ditue. Txanda bakotxean dobako sarreren kopuru jakin bat egongo da, eta horreetako bakotxa beteten danean ezin izango dau jente gehiagok erreserbea egin, beste ordu edo egun baterako eskatu beharko dau. Txanda bakotxeko gonbidapenen kopurua zehazteko, ordainpeko publikoa be egongo dala izango dabe kontuan (EAEtik kanpokoak).

Martitzenetik domekara, 10:00etatik 19:00etara egongo dira gonbidapenak eskuragarri, herritar bakotxak komenidu jakona aukeratu deian. Erreserbea egiteko bide bi egongo dira, Guggenheimen webgunea eta 945 551 380 telefono zenbakia. Hori bai, telefonoz lanegunetan eta goizez baino ezin izango da eskabidea egin.

Erreserbea egiteko orduan, NANean datorren helbidearen posta kodea emon beharko da. Museora sartzeko, ostera, gonbidapenagaz doana EAEn bizi dala erakusten dauen agiriren bat eskatuko dabe atean.

Denontzako BBKartea ekimenaren barri emoteko agerraldian, erakunde bultzatzaile bietako ordezkari gorenak egon dira: Guggenheim Museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarte eta BBK-ko presidente Xabier Sagredo.

Astegoiena doban

EAEkoentzako gonbidapenen kanpaineaz gan, urriaren 22an eta 23an be herritarrak doban sartzeko beste ekimen bat ipiniko dabe martxan Bilboko Guggenheimen. Astegoien horretan, nahi daben herritar guztiak sartu ahal izango dira doban museora, erkidegokoak zein hortik kanpokoak.

Kasu horretan be, aurretik egin beharko da erreserbea, jente gehiegi pilotu ez daiten. Urriaren 18an hasiko dira gonbidapenak emoten, webgunean. Astegoien berezi horretan erreserba barik doazanak be sartu ahal izango dira doban, baina lekua baldin badago, bestela ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu