Donostian eta Lizarran amaituko da Txapelketa Nagusiko lehenengo fasea
2022-10-07 13:10 BertsolaritzeaInternet bidezko sarrerak agortuta dagoz saio bietarako.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurenetako fasea astegoienean amaituko da. Saio bi jokatuko dira: zapatuan Donostian eta domekan Lizarran. Saio erabagigarriak izango dira fase honetako parte-hartzaile guztientzat, izan be, puntuazinoaren araberako behin betiko sailkapena argituko da eta onenak finalaurrekoetara pasauko dira, final lauren bakotxeko irabazleakaz batera.
Donostiako Victoria Eugenia aretoan, zapatuan (17:00), honeek sei bertsolariak egongo dira oholtzan: Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita. Gai-jartzailea Leire Garatxena izango da.
Domekako saioa Lizarrako Los Llanos aretoan jokatuko da, hori be 17:00etan. Amaiur Lujanbio gai-jartzailearen esanetara entzungo doguz Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi.
Fase honetako saio guztiak epaitzen honeek dabiz: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.
Orain arteko saio guztietan lez, harmailak lepo beteta egongo dirala ziurra da, internet bidezko sarrerak agortuta dagozalako. Lizarrako saioaren kasuan, azken orduan dabizanek txarteldegian erosi ahal izango ditue sarrerak, egunean bertan, 15:00etatik saioa hasi bitartean, Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez. Donostian, ostera, ez dabe txarteldegia zabalduko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!