Euskal jantzien historiari errepasoa Portugaleten

Bizkaie! 2022-10-07 10:51   Kulturea

Salazar Torrean ipini dabe erakusketea, urriaren 16ra arte.

Erakusketearen ikuspegia (argazkia: Portugaleteko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gure arbasoek erabilten zituen jantziak ezagutzeko eta soineko ikusgarriak ikusteko aukerea emoten dau Portugaleteko Udalak eta Maritzuli Konpainiak atondu daben Euskal Herriko jantziak izeneko erakusketeak. Leku aproposera eroan ditue jantziak, historiaz betetako Salazar Torretxean dagoalako erakusketea, urriaren 16ra arte.

Martitzenetik domekara dago zabalik Salazar Torreko erakusketen gunea; aste barruan arratsaldez, zapatuetan goiz eta arratsalde eta domeketan goizez baino ez. Sartzea doban da.

Gure historia eta lehenagoko bizimodua jantzien bidez agertzea da erakusketearen helburua. Horretarako, 80 jantzi inguru eroan ditue Portugaletera Miarritzeko Maritzuli Konpainiakoek, eta azalpen zein jakingarriak ipini ditue bakotxaren alboan.

Gehiago jakin nahi dabenentzat bisita gidatuak egingo ditue urriaren 13an, eguena, arratsaldez. Txanda bakotxean 10 lagun sartuko dira gehienez eta, beraz, aurretik izena emon behar da (urriaren 10etik, 94 472 93 09 zenbakian). Ordubete inguruko bisitak izango dira.

Historiazaleek beste hitzordu bat dabe Salazar Torrean, domekan, hilak 9. Erdi Aroan espezializautako Janire Castrillo eta Irene López adituek Ser mujer en Portugalete a finales de la Edad Media berbaldia emongo dabe, 13:00etan. Salazar Torrearen kanpoaldean izango da, baina euria egingo baleu, Santa Klara Kulturgunera aldatuko leukie hitzordua.

Erakusketea eta berbaldia Portugalete uribilduaren 700. urteurrenaren ekitaldien barruan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu