Urriaren 14tik 16ra egingo dabe XVI. Mangamore
2022-10-06 12:40 KultureaMegamax youtuber ezaguna Zornotzan izango da.
Manga eta kultura japoniarra lantzen dituan XVI. Mangamore jaialdia aurkeztu dau Zornotzako Udalak. Urriaren 14tik 16ra, makina bat jarduera egongo dira zaleen gozamenerako, bost gune nagusitan banatuta. Lehiaketak, puzgarriak, mozorroak, tailerrak, materiala erakusteko guneak eta abar dagoz hiru eguneko egitarauan.
Konbidadu nagusia, aurtengo edizinoan, Megamax youtuber ezaguna izango da. Miloeka jarraitzaile ditu Youtuben, baina TikToken eta Twitterren be ibilten da. Manga kultureagaz lotutako edukiak zabaltzen ditu sare sozialetan, batez be gaztetxuak eta nerabeak entreteniduteko asmoz.
El Quinto Emperador gipuzkoarra, beste youtuber arrakastatsu bat, Zornotzan izango da, Megamaxegaz batera. Urriaren 15ean, 12:30ean, biek hartuko dabe parte Gune Gorrian egingo dan saioan. Ruki-Chan artistea be han izango da, valentziarra izan arren Japonian talentu lehiaketa bat irabazi eban gaztea.
Kontzertu eta erakustaldi ugari be hartuko ditu Gune Gorriak. Zapatuan, hilak 15, Murasaki Taiko taldeak danbor japoniarren erakustaldia egingo dau eta Behotsik Orkestreak Japoniako marrazki bizidun, film eta telesailetako soinu-bandak interpretauko ditu. Domekan, arte martizalen eta grabaduetarako sumi-e teknikearen erakustaldi bana egongo dira.
Gune Berdean egongo diran berbaldien artean, euskerazko bi dira aitagarriak: Jose Antonio Morlesín Melladok Komikiak aztertzeko gida bat aurkeztuko dau; eta Jose Carlos Torrek eta Maitane Echevarriak TTAK komiki eta ilustrazino aldizkariaren barri emongo dabe.
Cosplay eta Asian Dance lehiaketak be ez dira faltako Mangamoren. Manga personaien mozorroa jantzi beharko dabe cosplay lehiaketako parte-hartzaileek. Puzgarriak eta Umore Horia telesaioari lotutako olgetak Gune Horian jarriko ditue.
Azokea be izango dau Mangamorek, Zelaieta karpako Gune Urdinean. Denda espezializaduek manga produktuak salduko ditue (eskulanak, bideo-jokoak, komikiak, posterrak...) eta jatekoa be egongo da. Gune Morean, komertzialak ez diran erakusmahaiak jarriko ditue.
Urriaren 14tik 16ra, beraz, manga munduaren erdigune izango da Zornotza. Zaleentzat ez eze, herritar guztientzat be egitarau aproposa dala azpimarratu dau Andoni Agirrebeitia alkateak: Egitarau zabalari esker, edade guztietako zornotzarrek gozetan daben jaialdi tematikoa da hau, nahiz eta manga edo animearen zale sutsuak ez izan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!