'Bizkaia kantuan' zikloak abesbatza bizkaitarrak dakarz

Bizkaie! 2022-10-06 10:15   Musikea

Zirkuituak beste hiru udalerri bisitauko ditu.

Bizkaia kantuan zikloak, bigarren edizino honetan be, Bizkaiko hainbat udalerritara eroango dau musika korala. Bilboko Koral Alkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Abesbatza Alkarteak sustatutako proposamenea igaz sortu zan, lurraldeko kantu korala bultzatzeko eta pandemiaren ondorioz isilik egon ziran abesbatzen lana indartzeko. Era berean, ekimenak taldeen arteko loturak sendotu nahi ditu eta, bide horretan, koralisten eta publikoaren artean belaunaldiarteko hartu-emonak sustatu. Kontzertuak doban dira, ikusle-kopurua edukierea bete artekoa eta urriko hiru astegoienetan 20:30ean hasiko dira. Oraingoan, Gorlizen, Basaurin eta Lekeition izandako harrerearen ondoren, zirkuituak Portugaleten, Bermeon eta Zornotzan jarraituko dau bere ibilbidea.

Lehen kontzertua bihar izango da, urriaren 7an, barikuan, Portugaleteko Andra Maria Eleizan eta herriko abesbatza bi izango ditu protagonista: Santa Maria Korala eta Salazar Abesbatza; bisitari bat be izango da, Bilboko Koral Alkarteko gazteen Euskeria korua. Salazar Abesbatzak emongo deutso hasierea kontzertuari, Emma Lópezen zuzendaritzapean orain hamabi urte agertu zana Portugaleteko koru-panoraman. Koru misto honetan hogeita hamar bat ahots dagoz eta errepertorio zabala jorratzeagaitik eta taularatze apartagaitik nabarmentzen da, hau da, nortasun bereizgarria dauelako. Kontzertu solidarioetan, kalejiretan eta kontzertu tematikoetan parte hartzen dau eta, bihar, abesti herrikoien hautaketa bat eskainiko dau: Desde que tú te fuiste, Dindiridín, Fórmula éxito eta Rapsodia portugaluja.

Ondoren, Portugaleteko Santa Maria Koralak, 2011tik Alberto Carrerak zuzentzen dauenak, Maitia nun zira, Maite, Viento del Norte eta La Virgen de la Guía obrak abestuko ditu. Orain berrogei urte baino gehiago Portugaleteri musikea eskaintzeaz gan, abesbatzak sarri parte hartzen dau Habaneren Jaialdian, San Vicente de la Barquerako Itsas Kantuan eta Euskaldunako kontzertu parte-hartzaileetan, bai errepertorio koraleko obra parebakoak, Haendelen Mesia edo Mozarten Requiema, kasurako, bai opera-koruak edo Broadwayko musikalak kantatuz.

Jarraian, Bilboko Koral Alkarteko Euskeria koruak, Urko Sangronizek zuzentzen dauenak, Errenazimendutik egungo musikarainoko errepertorioa jorratuko dau, besteak beste, Il bianco e dolce cigno, Vecchie letrose, Seal Lullaby, Fix You eta Old Joe Clark abestuz. Abesbatzakideak 17 eta 22 urte bitarteko gazteak dira eta, azkenaldian, Edinburgoko Jaialdiaren egoitzan, Bilbao BBK Live-ri atxikitako kontzertuetan eta Mende Berria Kantuz-en izan dira. Horrezaz gan, Euskeriak Ejeako Lehiaketea irabazi barri dau; Kantu Koraleko Sari Nazional Nagusirako sailkatu da; María Goiricelayak zuzendutako Madre coraje obran eta Calixto Bieitok zuzendutako Gabonetako Oratorioan parte hartu dau; eta, laster, Ura bere bidean produkzinoan abestuko
dau.

Azkenik, kontzertuari amaiera bikaina emoteko, hiru taldeek batera Lore Roucok konposautako Bizkaia kantuan ereserkia kantauko dabe.

Banakako emonaldiz eta baterako amaieraz osotutako dinamika berari eutsita, ondorengo astegoienetan, urriaren 15ean, zapatuan, Bilboko Koral Alkarteko Umeen Korua Bakioko Abesbatzagaz eta Bermeoko Izaro Abesbatzagaz batera igoko da Bermeoko Frantziskotarren Eleizako agertokira eta gero, hilaren 21ean, barikuan, Zornotzako Korala, Abes Kimu Abesbatza, Usansoloko Orfeoia eta Bilboko Koral Alkartea Zornotzako Andre Maria Eleizan batuko dira.

Zikloaren sustatzaileak Bilboko Koral Elkartea, Bizkaiko Foru Aldundia eta BAE - Bizkaiko Abesbatzen Elkartea dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu